Euskal piraten kalak
Iepa, lagunok!
Ai, askotan esaten dugu pirata izan nahi dugula. Baina pirata izateko, benetako pirata, bada zer ikasia. Makina bat kontu! Ez dira hala ere hain kontu gaitzak, gogoa izanez gero. Adibidez, barkua ezagutu behar duzu, zeure gorputzeko azala bezain ondo. Hobeto! Itsasoa, noski, beste hainbeste. Itsasoaren usainak eta koloreak, saltoak eta bareguneak. Eta oso garrantzitsua: itsasoaren ertzetan gordetzen diren ezkutalekuak!
Piraten eta kortsarioen munduan, oso inportantea baitzen barkua egoki ezkutatzeko bazterrak aurkitzea, lurrean ia arrautza-oskol hautsi bat bezain ahulak zirelako. Baina piratek atseden hartu eta itsasontziak konpondu eta garbitu behar zituzten tarteka, gero itsasoan fin-fin ibiltzeko. Horretarako, denboralditxoak egin behar zituzten ertzeraturik.
Irudian ni neu nauzue, lotuta!!!! Hala egon bainintzen liburuko abenturan, Jaizkibel mendiaren azpiko itsasarte batean. Unea larria izan bazen ere, lekua primerakoa da! Eta ezin hobeto betetzen du bere lana. Alegia, edozein barku nekez ikusiko litzateke kanpotik, babesean baita. Hori bai, abenturan gertatu zitzaiguna gertatuz gero… Ezin beti asmatu!
Halako kalatan, euskal kostako hainbat gunetan bezala, erruz ibili ziren gure piratak, ezkutatzen, atseden hartzen edo… ALTXORRAK gordetzen!
Kala horretan ba ote altxorren bat? 🙂