Gaumin, 2016. Adina: 9tik aurrera
Orrialde kopurua: 96
Sinopsia
Oinatz eta Goizaneren eskola ondoan bi kale-katu azaldu dira. Beste ikasle batzuek jolaserako erabili nahi dituzte. Katuei min egiteak grazia egiten die. Hura gutxi ez, eta Trumoi txakurra alboko itxitura txiki batean sartua dago. Egunetan ia jatekorik ez, urteetan laztan bat ere jaso gabe.
Oinatz eta Goizane animaliengana hurbilduko dira apurka. Egun batean, suak hartuko du eskolako hegal oso bat. Orduantxe ikasiko dute gazteek zer esan nahi duen lagun izatea. Benetako lagun.
Ikuspegi orokorra
Animaliak maite ditugula diogu begiak kliskatu bezain erraz. Hain erraz. Baina gero gizakion jokabideek ez dute, ez digute gauza bera erakusten, ez irakasten.
Trumoi trakurraren negarra liburuan horixe da hitz eta azterbide. Gazteei zuzenduriko istorioa izan arren, edonori zer pentsatua majo sortzeko moduko pasarteak islatuko baitizkigu.
Hona ezaugarri batzuk.
Protagonistak
Ikuspegia bi gizakik emango digute: Oinatz eta Goizane neska-mutiko gazteek. Benetako protagonistak, ordea, animaliak beraiek izango dira. Tigre eta Mimi katuak eta Trumoi txakurra, batik bat.
Kale katuak: Mimi eta Tigre
Mimi emea da eta haurdun dago. Segituan izango ditu kumeak. Tigre kidearen laguntza beharko du txikiak babesteko. Katu biziak dira, halabeharrak bultzatuta, eskarmentu handikoak. Ez dira batere fio gizakiez, baina jatekoa behar dute, katu txikientzat beraientzat baino gehiago, eta gizaki batzuengana hurbildu beharko dute. Katuek, hasieran, Oinatz eta Goizaneren eskola ondoan ezarriko dute habia eta gordelekua.
Txakurra: Trumoi
Trumoi txakurra itxitura txiki batean sartua (edo hobeto esanda, atxilotua) dago, egunetan apenas jan gabe, handik atera ezinik eta kanpoan ibiltzeko oso aukera gutxirekin. Bere nagusiak bikote bat dira, gizon eta emakume bat. Itxuraz desorekatuak. Bortitzak. Trumoi ateratzen duten bakoitzean txakurra xaxatzen ahalegintzen dira. Beste txakurren aurka, katuen aurka. Jaio berritan zaindu zuen agureaz geroztik, hori da Trumoik bizi izan duen bide estu eta ozpina, kumetatik. Ez du besterik, ezin espero besterik. Oraintxera arte. Ez du oroitzen zer den hitz gozo bat belarrira, laztan bat bera ere. Aise egiten du kosk, hori ikasi baitu. Hori irakatsi diote. Une batean, Oinatz katuak defendatzen dabilela, mutikoari helduko dio besoan, ondo heldu ere, odoletan uzteraino.
Oinatz eta Goizane
Gizakien ikuspegia. Bi lagunen ikaskide batzuek jolaserako erabili nahi dituzte katuak. Jolas basatietarako. Katuei min egiteak grazia egiten die.
Oinatz eta Goizanek babestu egin nahiko dituzte, baina horrek arazo saminak sortuko dizkie berehala.
Hura gutxi ez, eta Trumoiren nagusien bortizkeria ere jasan beharko dute. Txakurra xaxatzen aritzen dira etengabe. Katu batzuk daudela jakin bezain laster, haiengana eramango dute Trumoi, eraso egin diezaien. Eta Trumoik, bizitzan besterik ezagutu ez, eta esandakoa egingo du. Eraso egin.
Azkenean, apurka, txakurrarengana hurbiltzea lortuko dute bi gazteek, eta animaliaren lagun bilakatzea.
Amaieran, ikasiko dute, hain ondo ikasi ere, txakurra dela lagun bategatik su bizitan sartzeko prest dagoen adiskide bakarretakoa. Benetako adiskide bakarretakoa.
Animaliak haiek, animaliak gu
Animaliak ahazten ditugu eta animaliak ere bagarela ahazten dugu. Gure ahots animalia itzali zaigu. Animaliak etxetresna gisa erabiltzen ditugu. Mailu, telebista edo garbigailuaren modura. Ondo badabiltza, primeran. Gaizki (edo nahi ez bezala), orduan fuera. Panpina hautsien antzera. Animaliek, ordea, gu askotan galtzear gauden beste aurpegi batzuk hurbiltzen dizkigute: fideltasuna, benetako ausardia, naturaren arnasa, bizitza beraren zentzua. Guri ahitu zaizkigun hego-ametsak. Jarraitzen zaila zaizkigun basabidexkak. Guri ez bezala, ematea errazagoa zaie hartzea baino. Diren guztia emateko prest dira. Merezi ote dugu halako leialtasuna, halako oparia?
Istorio honetan hori guztia hausnartuko dugu. Animalien jokamoldea. Gizakiona. Ikasi dezakeguna. Diezaiekeguna.
Animalia nagusiak, hemen, gure hurbilenetako bi izango dira: txakurra eta katua. Gure lagun zaharrenetakoak. Elkarrekin ez omen dira egoki moldatzen. Oro har okerrago moldatzen gara gizakiak gizakiokin, alabaina, eta hemen gaude. Hobeak garela edo gorago gaudela sinetsita.
Kondaira batek dio antzina, oso antzina, hitzarmen bat eratu zela animalien eta gizakien artean. Hitzarmen sakratua. Latza baina zuzena. Justua. Hitzarmena apurtu genuen aspaldi. Hitz hautsi hark sortutako zor itzela kitatzen hasteko ordua badugu jada. Merezi duen zerbait izan gintezkeela erekusteko geure buruari. Oraintxera arte ez baitugu batere argi utzi. Aitzitik!
Istorioa bera
Eskola ondoan bi katu azaltzen dira. Bat oso lodia da. Segituan konturatuko dira ahurdun dagoelako dela. Ikasle batzuek jolaserako erabili nahi dituzte. Katuei min egiteak grazia egiten die.
Oinatz eta Goizane gazteek katuak babestu nahiko dituzte, baina horrek arazo saminak sortuko dizkie, beste kideen aurrean, baina baita Trumoi txakurraren nagusiekin. Nagusi haientzat txakurra xaxatzeko errobot moduko bat besterik ez da, eta katuen aurka eramango dute behin eta berriro.
Oinatz eta Goizanek bereak eta bi egin beharko dituzte egoera gehiegi ez gaiztotzeko. Zaila. Oso zaila.
Areago, egun batean, eskolako hegal oso batek su hartzen du. Ikasle eta irakasleak barruan dira eta hasieran ez dira ohartzen. Zaurituta dagoen katua baino ez.
Istorioaren funtsa: gurea
Sarritan esan ohi da istorio bat errealitatean oinarritua dela. Hauxe hala dago. Guztiz. Bere nagusiak su batetik salbatu zituen katu baten historia (Hendaian gertatu zen: agur eta ohore katu hari), eta laztan bakar bat bera ere ezagutu ez duten zenbait txakurren historiak biltzen dira hemen. Baita sutan sartzeko prest izan diren txakur leialena, agian, inoizka, merezi ez zuen nagusi bat salbatzeko gertu. Baina txakurrentzat ez da halako zekenkeriarik. Ez dute sekula erdi-biderik: ematen direnean osoan da.
Zorionez eta zoritxarrez, beraz,, hona hemen benetako historia batzuk. Animalia bihotzaren zuzena erakusten dutenak. Gurearen ustela bezainbeste.
Ohore, hemendik ere, animalia bihotz horri eustea lortu duten gizakiei.
Irudiak, Mikel Mendibil
Azkenaldian ohi bezala, Mikel Mendibilek eraiki ditu istorioaren aurpegiak eta koloreak, honen inguruan diren marrazki guztiak. Ikusten direnak baino gehiago iradokitzen dute ilustrazio hauek. Distirak eta izpiak, itzalak eta malkoak, zauriak eta irribarreak. Trumoiren eta haren lagunen izana.