Elkar argitaletxea, 2008.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 15 urtetik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Mendekua hotz zerbitzatu behar omen da; norbere haserrea kontrolatu eta ondo pentsatu zer pauso eman. Eleberri honetan ere, ezkutuan gordetzen den protagonistak maisuki mugitzen ditu bere piezak, xake-partida erraldoi batean bezala: amodiozko minak, gazte sentiberen depresioak, balizko suizidioak… Norena da hari horiek guztiak elkartzen dituen eskua? Zein da estrategia horren azken helburua?
Misteriozko eleberri guztiz erakargarri bat idatzi du Fernando Morillok, jakin-mina pizten duen joko intelektual baten moduan eraikia, arnasari eutsiz eta eskuetatik kendu ezinik irakurtzen dena, hasi eta buka.
Nire iruzkina
>Lehenbizi, zirrara
Idazle gisa izaten ditudan unerik bizienak bi dira: alde batetik, sortze-unea bera (istorioa garatzean); eta bestetik, liburu bat burua mundura ateratzen hasten den unea (alegia, argitaratzear dagoenean).
Eta liburu batez erditzeko zorian nago oraintxe! Erraz ondoriozta daitekeenez, ondo pozik nabil.
Oraingoan bai, hor goiko izenburua («Suminaren estrategia») behin betikoa dela esan dezaket. Eta azalari dagokionez ere, gauza bera: hor ikusten duzuena benetakoa da.
Eskaintza
Liburu bat ateratzeko orduan, normalean, beti izaten da azken orduko ezustekoren bat. Oraingoan, esate baterako, eskaintzari egokitu zaio. Eskaintza egon bazegoen, baina inprentako iratxo bihurriren batek burua sartu, eta hor nonbait desagerrarazi zuen, prentsa eta tinta artean.
Gune birtual hau existitzen denez, ordea, hementxe kopiatuko dut, unibertsoaren oreka gordetzeko. Hona hemen jatorrizko eskaintza:
Komedian, jolas-kide izan ditudanei. Bereziki, koadrilako guztiei.
Esan didatenez, bigarren argitalpena etortzen bada (eta iratxoak berriro burua sartzen ez badu), hantxe azalduko da aurreko aipamena, txukun-txukun, behar den lekuan. Nolanahi ere, hor duzue. Izorra dadila iratxoa!
Zer aurkituko duzue orriotan?
Intrigazko nobela bizia osatu nahi nuen. Hasteko, ukitu iluna antzematen zaio berehala: nobela honetako pertsonaia gehienak ez dira ogi puska hutsak, inondik ere, eta, ia beste edozeren gainetik, jolaserako irrika bortitza usaintzen da haien hitzetan. Bizitza jolasa bada, ordea, eta jolasen koska errutina, zer egin behar da bidaian ez aspertzeko? Jolasen maila etengabe jaso? Noraino?
Protagonistari jolas egitea gustatzen zaio (mahai-jokoekin, zientziarekin, jendearekin), baina, liburuko lehen orriotan, beste era bateko jarduna proposatuko diote: errealitatea aldatzeko prest al dago? Kontua da errealitate horretan protagonistak inola ere espero ez dituen gorrotoak eta suminak txertatu, eta dena nahasiko zaiola.
Istorioaren hari guztiak hainbat dialogoren bitartez josi ditut, eta, horrexegatik, nire helburu nagusietariko bat elkarrizketa bereziki kartsuak eta zorrotzak lortzea izan da (irakurtzeaz gozatzeko orduan, izan ere, beti izan ditut kuttunago Platon eta Galileo, Aristoteles eta Newton baino).
Hor duzue liburuko gutxi gorabeherako abiapuntua: Marina Berri jatetxe ingurua, Zumaiako kanpoaldean.
Kokapenei dagokienez, gehienei oso ezagunak egingo zaizkizuen lekuak azaltzen dira: Zumaia, Antiguo, Atxuri, Basurto, Urnieta…
Doinua, aldea, nahia
Aurreko liburuekin (esate baterako, «Seximenduz» lanarekin) alderatuz gero, berehala ikusten dira diferentziak eta antzekotasunak.
* Aldeak: «Suminaren estrategia» liburuan, hizkuntza eta egitura landuagoak dira. Hemen ez dago (ia) erdarakadarik, ez (ia) umore gordinik ere. Alde horretatik, doinua serioagoa da. Intriga (eta ez umorea) da funtsa eta helburua.
* Antzekotasunak: batez ere, filosofia bera. Alegia, irakurleak (euskaldun zaharra nahiz berria izan)trabarik gabe irakurtzea nahi dut, eta aldi berean gozatzea eta istorioa jarraitzeko egarriz egotea.
Intriga, beraz, eta iluna, sua eta gatza. Laster ikusi ahal izango duzue asmatu ote dudan.
Xabier Mendiguren Elizegik egindako elkarrizketa, «Suminaren estrategia» liburuaren aurkezpena dela eta
Zer da, labur esanda, «Suminaren estrategia»?
“Suminaren estrategia” intriga da, eta manipulazioa, misterioa eta jakin-mina. Protagonistek jolas egin nahi dute, ia beste edozer gauzaren gainetik. Eta haientzat jolas egitea ez da dibertsio kontua, bizirik irauteko baldintza bortitz eta funtsezkoena baizik.
Liburu honekin arlo berri bat lantzen duzula esan liteke: gazteen egoera sentimentaletatik badu zer edo zer, thriller-etik ere bai…?
Intrigazko thriller-ak maite dituzten irakurleek (edozein adinetakoak izanda ere) gozatzeko modukoa dela uste dut. Hori bai, nerabeentzat baino gehiago, adin handixeagoa dutenentzako liburua dela esango nuke nik (“helduentzat”, nolabait esateko), bai sentimenduen ikuspegiari begiratuta, bai egitura eta hizkuntzari begiratuta.
Ikus liteke bereziki landu duzula erritmoa, gertakarien katea, eleberri osoaren egitura…
Protagonisten funtsa eta leitmotiva jolasa eta jokoa dela kontuan hartuta, nik ere jolas gisa heldu behar nion istorioari. Xake-partida bat jokatzen ariko banintz bezala ahalegindu naiz antolatzen, eta irakurleak ere hala jasotzea espero dut: joko bizi baten barruan sartuta balego bezala. Helburua: aldi berean dema eta plazera aurkitzea.
Bestalde, idazkera arina aukeratu duzu: esaldi laburrak, zuzenak, elkarrizketa ugari…
Trenean, ohean edo parke batean lasai asko irakurtzeko eta gozatzeko moduko liburua nahi nuen.
Azkenaldian emandako hainbat hitzalditan, oso antzeko eskaera egin didate adin eta “mota” guztietako irakurzaleek: liburu biziak eta dinamikoak sortzea, “mesedez”. MESEDEZ! Seinale badela jende-multzo handi samar bat halako istorioak (biziak, zuzenak, harrapatzeko modukoak) jasotzeko irrikaz. Horrek ematen du zer pentsatua. Idazleok beti gabiltza kexu gutxi irakurtzen dela eta: ez ote da noiz edo noiz ez diegula entzuten irakurleei? Zain ditugu eta!
Dialogoari dagokionez, oso maite dudan estiloa da, eta sarritan gutxietsia dagoela iruditzen zait (filosofia eta zientzia sakonenak ere sor daitezke dialogoaren bitartez, hara; ikusi bestela Platon edo Galileo). “Suminaren estrategia” elkarrizketa ugariko liburua da, eta garbi dago horren asmoa: ahalik eta bizien, hurbilen eta erakargarrien egitea.
Estrategia, berez, hizkuntza belikoari dagokio; amodioak eta gerrak paralelismo asko ote dituzte?
Estrategia nonahi eta noiznahi aplikatzen da eta aplikatu behar da: amodioan, gerran, jokoetan, zientzian, politikan… Baita istorioak garatzeko orduan ere. Amodioa eta gerra bizitzaren beraren bi mozorro dira. “Suminaren estrategia” liburuan, pertsonaiek jokoaren maskara janzten dute: bizitza egokitzeko, errealitatea beste era batera egituratzeko, edota gorrotatzeko. Gure egunerokotasunean ere, elkarren oso antzekoak dira maitasunaren eta suminaren estrategiak.
Ez dugu ezer aurreratuko amaieraz, baina benetan zaindu duzu ustekabea…
Irakurleak jolas egiten ari zela sentitzea nahi nuen. Intrigazko istorioa izanik, egokia iruditu zitzaidan ustekabea lortzen saiatzea. “Suminaren estrategia” poliziakoa ez bada ere, halako liburuen kutsua ere badauka, eta, guztiok jolas-zaleak garen neurrian, beti gustatzen zaigu espero ez ditugun bideak aurkitzea.
Nola eraikitzen dituzu horrelako eleberriak: amaiera argi edukitzetik abiatuta? argumentu osoa idazten hasi aurretik diseinatuta?
Hasieran, egitura bat osatzen dut, baina betiere garbi edukita guztiz malgua behar duela: istorioak hegan egin nahi badu, utzi egin behar zaio. “Suminaren estrategia” liburuan antzeko zerbait egin nuen: egitura oso bat planifikatu, xehe-xehe, baina gero istorioari entzun, bideak probatu, behar ziren aldaketak sartu, et voilà: une batetik aurrera testua arnasa hartzen hasi zen. Zailena eginda zegoen.
Irakurleekiko kontaktu etengabea izaten duzu, eskoletako hitzaldien eta bestelakoen bidez; haiek iradokizunak eta erreakzioak oso kontuan hartzen dituzu lan berriak idazteko orduan?
Ezinbestean. Osasun-kontua da gainera. Idazleak, oro har, bakardadean idazten du, eta askotan errazegia izaten da errealitatearekiko kontaktua galtzea. Hitzaldietan, giro hurbila lortuz gero, oso garbi adierazten dizute irakurleek non zaren indartsu eta non zabiltzan herren; non lortu duzun hurbiltzea, eta noiz galdu zaren itxuragabekeriatan. Ondoren, noski, zeuk erabakitzen duzu iruzkin haiek aintzat hartuko dituzun edo ez, baina lehen eskuko informazio horrek ez dauka preziorik: mundu errealaren ahotsa da. Entzungor egiten badiozu, gero alferrik (eta tontoarena egitea) da kexuka aritzea.
Eta orain, zertan ari zara?
Idazten, idazten ari naiz! Ez da txantxa, gero. Hamaika zirriborro garatzen ari naiz, denetarikoak: heldu-literatura, gazte-literatura, ipuinak, thriller-ak. Hainbat estilo, doinu, erritmo probatu nahi ditut. Istorio-gose izugarriz ari naiz, eta datozen hilabeteetan zenbait liburu amaitzeko gogoz eta asmoz nabil. Ezin esan, ordea, nolakoak izango diren zehatz-mehatz, une honetan neuk ere ez baitakit. Ziur asko, eta gutxienez, nobela “heldu” bat (horrela definitzea batere egokia iruditzen ez bazait ere), gazteentzako abentura-liburu bat eta zientzia-thriller bat. Baina auskalo: zalantzarik gabe esan dezakedan bakarra da batzuk etorriko direla.