Ibaizabal, 2001.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 14 urtetik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Ikasturteko lehendabiziko eguna. Nerea ikastolara joateko irrikitan dago, ondo baitaki Maitane, lagun-mina, han aurkituko duela. Aireak, ordea, abentura usain bortitza dakarkio. Neskak ezohiko zerbait susmatzen du berehala. Zer demontre ari da gertatzen?
Bi mutil berri —eta bitxi— topatzen ditu ikasgelan: Isusko eta Iban. Isuskok izaera nahasgarri bezain erakargarria dauka. Iban, berriz, isila da oso, baina ordenagailuen aurrean zeharo eraldatzen da: hackerra da.
Harreman berezia sortuko da segituan Nerea, Maitane eta bi mutilen artean, ikusi behar ez zuketen zerbait ikusten dutenean, eta ustekabeko misterio batean murgilduta amaitzen dutenean: jipoiak, Interneteko piratak, aktore ospetsu bat, Mutante ezizeneko irakasle xelebrea… Pieza ugari izango ditu xake-joko bihurtuko zaien enigma nahaspilatsu antzekoak. Jakin-minak jota, sekretuak argitzeari ekingo diote, eta laster konturatuko dira, askotan, dagoena ez dela dirudiena. Ez misterioari dagokionez, ez eta beraien arteko harremanei dagokienez ere. Eta gainera… Baina ez dugu dena hemen kontatuko, ezta? Azalpen gehiago, noski, barruan.
Nire iruzkina, bitxikeriak, kuriositateak
Euli bat nora, hara nire neuronak. Arazo handia izaten dut arretarekin. Horrexegatik, liburuetan, filmetan, komikietan… aldaketak eskertzen ditut. Plano paraleloak, istorio biziak. Ekintza.
Bihotz nahasiak liburuan, lehenbiziko aldiz, plano paraleloa lantzen saiatu nintzen: alegia, aldi berean kontatzen diren bi istorio tartekatzen. Nire asmoa, izan ere, istorioa bizitzea eta erakargarriago egitea baitzen.
Horretaz gain, adiskidetasuna, abentura, misterioa eta, azken batean, bizitza azaltzea nahi nuen: lehen, orain eta beti gustatu izan zaizkidan hari nagusiak.
Gaxtetan oso gogoko nituen istorioak bezalako beste bat sortzen ahalegindu nintzen: pertsonaia bitxiak eta erakargarriak hartu, eta ikusi ea zer gertatzen zen haien arteko hartu-emanetan.
Ai, nire hanka-sartze txiki bat
Liburua argitaratu eta handik gutxira, lagun batek deitu zidan, testuan egindako hanka-sartze bat azaltzeko: pasarte batean, zenbait protagonista María Cristina hotelera joan eta gela bateko sarraila irekitzen dute.
Ni ez nintzen inoiz egon halako mailako hotel baten barruan, eta artean ez nekien ateak ez zirela giltzaz irekitzen, txartel baten bitartez baizik! Orain badakit… baina liburua kanpoan da.
Nolanahi ere, ez dut uste horrek funtsezko istorioari kalte handirik eragiten dionik. Ez da zuzena, ordea!
(Bihotz Nahasiak liburuak badu nolabaiteko bigarren zati bat: Arriskupean).
Sarritan galdetu didate Bihotz nahasiak edo Arriskupean liburuen antzekoak ba ote ditudan. Azkenaldian, halako hiru sortu ditut, abentura bizi-biziak, eta aurrekoen estiloa gustatu bazitzaizuen, dudarik gabe goxatuko dituzue berriagoak diren Abbadiaren sekretua (gaztelu sorgingarri bat, Antton Abbadia zoragarriaren hainbat amets eta kontu bitxi, pertsonaia bereziak, abentura, misterioa, umorea…), Zonbia San Mamesen (zonbi bitxi bat, Athletic-eko partidu baten erdian, umorea barra-barra, oso pertsonaia xelebreak eta iratxoak hegan eta mozorro festa ero bat eta… Tira: milioi bat barre).
Edota Izuaren Pasabidea (mutiko albino bat, neska ilun eta arriskutsu bat, izu guztiak elikatzen dituen pasabide beldurgarria, eta maitasunaren indarra… gozorako eta garratzerako).
Liburu berriagoak izanik, badira haien audioliburuak eta bideo argigarriak, istorioa hobeto sakontzeko, edota gida pedagogikoak irakasleentzat, edo behar dituenarentzat.
Ikusi nolakoak diren loturetan, eta dastatu. On egin! 🙂