Elkar, 2004 (euskaraz).
Tartalo, 2005 (gazteleraz).
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 15 urtetik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Augustin Zubikarai Nobela Laburrentzako Sariaren irabazle izan zen 2004an obra hau (Iñaki Irasizabalek idatzitako Burua txoriz beterik lanarekin erdibana).
Geroxeago, 2006an, «Liburu Gaztea» saria ere jaso zuen.
(Liburuaren atzean duzuen testua da hauxe)
Munduaren geroa alda dezakeen deskubrimendua potentzia handien isilpean gorde dute nazioarteko fisikari ospetsuenek, II. Mundu Gerraz geroztik. Mende erdi geroago, Donostiako International Physics Center-eko fisikari gazte bat, Mireia Elosegi, ikerketa bat egiten ari da, bakarka baina ez berak uste bezain sekretuan.
Zientzia eta espioitza uztartzen dituen thriller indartsu honek beregan biltzen ditu irakurlea harrapatzeko dohain guztiak: jakin-mina pizten duen planteamendua, arriskua, armak, amodioa, ekintza aurrera eramateko trebezia, hari guztiak egoki josteko abilezia, erritmo arina…
Orain arte nerabezaroko kezkak eta gazi-gozoak kontagai bihurtzen bikain moldatu den Fernando Morillok egiazko maisutasuna erakusten digu misterioaren generoan ere, gaia ongi ezagutzen duenaren segurtasuna, ofizioa menderatzen duenaren sinesgarritasuna eta hizkuntza biziaren gozotasuna elkartuz.
Orain bai, nire iruzkina, bitxikeriak eta kuriositateak
Betidanik erakarri izan naute zientziaren eta artearen argi-goseek, bizitzaren ilunak, ezezagunaren oihuak. Modu berean erakarri izan naute intrigazko istorioek.

Sorginetxe trikuharria
Ezkerrean, «Sorginetxe» trikuharria (Arrizala, Araba). Historia, artea, filosofia eta zientzia, dena bat eginik. Ederra! Halako nahasketak gustatzen zaizkit.
Halako zenbait osagai hartu eta koktel bat osatzea erabaki nuen: nire zientzialari faboritoenetariko batzuk pertsonaia bihurtu, eta thriller batean sartu. Einstein, Gödel, von Neumann… Erraldoi paregabeak! Horra hor idazlearen beste abantailetariko bat: ia-ia nahi duena har dezake jolas-aitzakia.
Eta jolas egin nuen: duela 50 urte inguruko zientzialari-talde zoragarri bat eta gaur eguneko Donostia. Eta espioiak, arriskuak eta hilketak.

Donostia International Physics Center

Pedro Miguel Etxenike
Prestatze-lanetan nenbilela, zalantza izan nuen: iraganeko zientzialari erreal batzuk sartu ondoren, gaur egungo zientzialari errealen bat ere hartuko al nuen? Azkenean, bi aukeratu nituen: Pedro Miguel Etxenike (Donostia International Physics Center-eko presidentea) eta Juan Colmenero de León (Physics Center-eko zuzendaria).
Ez ziren pertsonaia «pisudunak» nobelan; egia esateko, aipatu baino ez nituen egiten. Hala ere, ez nekien ondo irudituko ote zitzaien. Egoera hartan, noski, galdetzea onena. Eta Etxenikek (eta haren orduko idazkariak, Vanessak) biziki ondo hartu zuten guztia, eta laguntza polita eman zidaten. Liburuaren aurkezpenera eta guzti etorri ziren.

Joserra Etxebarria
Ezin dut inola ere ahaztu Joserra Etxebarria, nire fisikako irakaslea (irakasle bikaina!) izan zena Leioako unibertsitatean. Gaztelerazko bertsioa ateratzean, liburua aurkeztuko al zuen galdetu nion, eta, nire pozerako, gustura onartu zuen Joserrak.
Mila esker guztiei laguntzagatik!
Bestalde, zenbait irakurlek idatzi eta deitu izan didate, liburua biziki gustatu zaiela esateko (nire beste lanekin baino dexentez gehiagotan gertatu zait hori Gloria Mundirekin, nabarmen gainera), eta halako gehiago egiteko eskatu. Zorionez, nire gogokoa ere izan zen. Arnasa hartzen jarraitzen badut —eta horretarako asmo bizia daukat—, etorriko dira halako gehiago (tira, hobeak izatea espero dut, horretarako bizi baikara: ikasteko).
Nik gomendatu egiten dizuet. Esango didazue.
On egin!
(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe istorioak)
Fulcanelliri omenaldi bat edo? Honek ere interesgarria dirudi ba! Hermetikaren osotasun kontzeptuarekin lotua gainera… Noizko Hendaiako Gurutzeari buruzko bat?
«Abbadiaren sekretua» liburutik: «Bixintxo eliza, eta haren ondoan dagoen harrizko gurutzea. «Hendaiako gurutzea» esaten diote. Nahiko sona izan du, zenbaiten ustez munduaren azkena iragartzen duelako, noizko, eta 2012. urtearen amaierarako. »
Dena dela, ederra litzateke aipatzeaz gain, liburu bateko ardatz ere bihurtzea. Ea! Datorren urterako badut intriga-istorio bat barneko labean, ia-ia ziur Hendaian kokatuko dena (besteak beste), eta gurutzetik oso-oso hurbil gainera… Aukera ona litzateke
Ikusiko da!
Eskerrik asko iruzkinagatik… eta ideia «berritzeagatik».
A, ta nolabait, bai: Fulcanelli azaltzen da zuzenean inoiz nere testuetan… ta zeharka (edo gordean) gehiagotan. Hark nahiko lukeen bezala
Ederra. Toltecayotlarekin uztartuta maisu lana.
agian lauburu bat ager liteke
erantzuna lau burudun eguzkia da. borobila
erantzuna lau burudun eguzkia da