Adina: 8tik aurrera. 120 orrialde. Juul sarietako bat irabazi zuen 2017an.
Gaiak: euskal piratak, Euskal Herriko historia, Lapurdi, lagunak, familia, abentura.
Liburuaren hasiera.
Liburuaren fitxa.
Maddiz eta piratez informazio gehiago Wikipedian, hementxe
Prezioa: 14,50 euro
Gaumin (2014).
Audioliburu osoa doan lortzeko, idatzi niri zuzenean (fernandomorillo2@gmail.com)
Sinopsia
Pirata-barku bat Donibane Lohizuneko portuan! Maddik ezin du sinetsi. Abenturazale amorratua da, aitona Antton bezainbeste.
Altxor bilatzaile batek Laffite kortsarioaren altxorra aurkitu nahi du, baina ai, euskal pirata zahar batzuek ez diote utzi nahi. Maddiren, Harriet neba txikiaren eta aitonaren laguntzarekin, aurre egingo diote bilatzaileari Pellot, Suhigaraitxipi, Laffite, Michel Le Basque eta Destebetxo euskal pirata handiek.
Piraten sekretuak, ihesaldiak barkuan, tiroak eta kanoikadak, itsasertzeko bazter ezkutuak, abordatzeak, borrokak, urrezko altxorra, ezpatak dantzan…
eta piraten laguntza kodea.
Pirata izan nahi?
Nor da Maddi?

Maddi neskatxa bihurri eta abenturazalea da. Familiarekin, txango bat egiten du asteburuero. Txango ooooso bereziak betiere. Azken batean, aitona Antton beraiekin doa, eta aitona Maddi bezain “saltsa-sortzailea” da.
Lehenbiziko txangoa Donibane Lohizune eta Ziburu aldera izango da. Badakizue zer aurkituko duten han? Liburuko azala ikusita antzemango zenuten, ziur asko. Apur bat behintzat. Ba bai. Euskal piratak ezagutuko dituzte!
Aitona Antton
Hasteko, Maddiren aitona Antton aipatu behar da. Aitonak erretiroa hartu du jadanik, baina historialari eta arkeologo aski ezaguna izan zen urte askoan, Indiana Jones-en modura. Oraindik ere horretan dabil: historiaren pasarte gogoangarriak berbizitzen eta irakasle onen moduan irakasten. Badu zer irakatsia aitona Anttonek Euskal Herriaren historiaz!
Marrazkiak
Halako liburu batean erabateko garrantzia dute marrazkiek. Mikel Mendibil aritu da Maddi irudikatzen eta bistara ekartzen. Lan bikaina, dudarik gabe!
Asko lagundu dit, gainera, xehetasunak fintzen, istorioa edertzen (mila esker, Mikel!).
Hona hemen Mikelen beraren hitzak Maddi eta Maddiren unibertsoa sortzeko orduan egindako lanaz:
«Maddi, euskal piraten abentura bizian sortu genuenez Fernandok eta biok, XVI. eta XIX. mende horietan erabiltzen ziren teknikak baliatzea otu zitzaidan: akuarela eta arkatzak. Marrazketari dagokionean, 8-10 urte bitarteko haurrei zuzentzen garenez, komiki punttu bat izatea ere on egingo ziola iruditu zitzaidan. Baina beti ere bizitasuna nahi nuen ilustrazioetan eta zirriborro moduan daude marraztuta, akuarela tantak nonahi isurita. Koloreak naturalak, baina aldi berean biziak eta argitsuak dira. Erabilitako akuarelarako paper berezia kotoiaren textura organikoa gaineratzen die irudiei.
Maddi aipatutako adin horretako edozein gaztetxo izan daiteke. Nortasun handikoa da, baina fisikoki ez da zabalduta dauden kanonen arabera perfektoa. Argala da oso, baina ez ahula. Belarri handiak eta ateratak ditu, baina xarma handiko neska da. Apurtutako hortz bat bihurri itxura ematen dio irribarre egiten duenean. Eta izan baditu beste ezaugarri asko bere abenturetan ezagutuko ditugunak.»
Zein pirata azaltzen dira?
Asko ziren euskal piratak! Liburu honetan, Lapurdiko bost kortsario handi ezagutuko ditugu: Ixtebe Pellot (euskal azeria esaten zioten, izugarri indartsua eta bizia), Joannes Suhigaraitxipi (kortsario txikia, txikia bezain ausarta), Jean Laffite (altxor handi bat ezkutatu omen zuen… auskalo non!), Michel Le Basque (gizon gogorra, eta piratarik ankerrenaren laguna) eta Pierre Destebetxo (munduko piratarik itsusiena eta jatorrena!).
Hobeto ezagutu nahi badituzue, badakizue: Maddiren abentura irakurri!
Euskararen altxorretako bat dira euskalkiak. Gure lagun piratak Lapurdikoak direnez, hango euskararen ezaugarri batzuk azaltzen dira liburuan, eta Maddirekin batera ikasiko ditugu hainbat hitzen esanahi desberdinak. Adibidetxo bat: “azkar” ez da gauza bera Gipuzkoan edo Lapurdin!
Zer ikasiko dugu?
Maddiren abenturak aitzakia hartuta, Euskal Herriko historia eta pertsonaiak ezagutzeko aukera izango dugu. Betiere, kontuan harturik ikasteko modurik onena goxatzen ikastea dela. Eta Maddi beti dago ikasteko prest, aitona arkeologoaren eskutik askotan.
Lehenbiziko alean, euskal piratak ezagutuko ditugu: zergatik sartu ziren pirata? Nolakoak ziren? Zer trikimailu erabiltzen zituzten? Egon ziren emakume piratak? Nolakoa zen piraten demokrazia? Zein zen piratarik ankerrena? Zergatik zeuden hainbeste euskal pirata?
Ai, piratak
Piratek zeresan handia izan dute historia osoan. Zenbaitentzat onerako, beste zenbaitentzat, nola ez, guztiz kalterako. Lekuan-lekuan eta nola begiratzen den!
Kalteak kalte, piratak ziren sarritan mugitzen zirenak, bazterrak nahasten, eta geldo zegoena mugiarazten zutenak. Hortik haien oparia gizakion historiari: egoera estatikoak lehertzean, ikasi egin behar. Aldatu. Ez gutxitan, hobera.
Piratei dagokienez, abentura bila baino gehiago, gehienetan beharrak bultzatuta amaitzen zuten bide horretan. Areago, euskal pirata ugariren kasuan, adibidez, beste pirata batzuek eraso egin ondoren bilakatu ziren beraiek pirata. Behin hasita, ez nolanahikoak, gainera.
Euskaldunak eta piratak
Euskaldunak itsasoa izan du begi batean eta mendia bestean. Abentura eta etxea. Olatuak eta zelaiak. Lana, baina ilusioaren eta ametsaren baitan. Amets garaiak. Behelainoz beteak. Behelainoak eta izadiak batuta ere, euskaldunen beste aurpegi ezagun bat erdi-ikusten da: azti eta sorgin. Hori, ordea, beste kontu bat da (bildumaren hurrengo liburuan azalduko dena).
Euskaldunen izaera, oro har, abenturazalea izan da, zaildua eta ameslaria. Hala, euskal marinelak oldarrak ziren eta ausartak. Eromeneraino sarritan. Txalupa hauskor eta olatuen aldean ñimiñoetan abiatzen ziren, itsasoetan barrena, baleen bila. Olatuak askoz handiagoak ziren beraiek baino. Baita baleak ere. Baina ez ausardian. Ez adorean.
Behin baino gehiagotan, han-hemengo piratek eraso egiten zieten, eta lortutakoa lapurtu. Edo okerrenean hil.
Apurka, ikusi eta ikasi egin zuten. Amorratu eta espabilatu egin ziren. Behin baino gehiagotan, piratak baino piratagoak bihurtu, eta buelta eman zioten egoerari. Sarritan, beraiek bihurtu ziren pirata beldurgarrienak.
Euskal herriko historian pasarte latz bezain deigarria da.