Sinopsia
Onintza barru-minez dago. Egun desberdinak nahiko lituzke. Amets biziagoak. Horren bila dabilela, artzain ero bat azalduko zaio aholku xelebreka, eta inola ere espero ez zituen bi norabide kontrajarri aurkituko ditu bat-batean: bi mutil erakargarri bezain nahagarri, argitsu bezain ilun. Bat… bestea? Biak? Erabaki guztiak, latzak.
Barruko ahotsak aldarrikatu zion hara joateko. Ezin zuen leihotik begira zela pasatzen utzi. Inola ere ez. Eroen safari misteriotsu batera balihoa bezala sentitzen zen, gida autoktonorik eta defentsa-balarik gabe. Auskalo zer aurkituko zuen, auskalo non amaituko zuen. Salto egiteko prest zegoen, habiatik lehenbiziko saltoa egin behar zuen txita baten modura. Bihotza taupa-taupa, harrotasunaren eta kakalarriaren artean. Salto.
Nire iruzkina, bitxikeriak, kuriositateak
Guztion aukera: bertan goxo… edo ezezagunaren bidea
Nobelako protagonista 16 urteko neska bat da, Onintza. Goizean edo arratsaldean guztioi etorriko zaigun moduan, Onintzari ere azaldu zaio gurutzebidea. Bidean aurrera zihoan, bere txokoa egina zuen. Edozein txoko. Oso gogokoa izan ez arren, berea. Aterpea. Babesteko zuloa, baina baita ez mugitzeko mehatxua, eta errutinaren angustiak heltzeko moduko liztor habia. Zer demontre egin? Aterpetik irten, eta odoletan amaitzera arriskatu? Itolarria irentsi, beharbada begiak itxi, eta segi hortxe, bertan goxo, zulo berean?
Ataka beltza du Onintzak. Aldatzeko premia du, baina ez daki nola.
Onintza Artzain ero batengana joango da, hark zerbait argituko diolakoan. Erotasuna, ordea, ez da erosoa izaten. Xelebrekeriak xelebrekeria, bi animalia aipatzen dizkio artzainak: arranoa eta azeria. Onintzak zer esan nahi duen ulertuko ez duen arren, laster bi mutil azalduko dira bere bidean. Agustin, indartsua eta nahasgarria. Eta Iker, xelebrea… eta txikitako amodio galdua. Beraz, nahasgarria hori ere.
Horiek ote azeria eta arranoa? Azeria, gure kulturan, zuhurra eta gezurtia da. Onenean, bihurria, eta bestela maleziaz betea. Engainua maite baitu. Arranoa, aldiz, bakartia da, baina hegan egiten du. Harraparia da, baina noblea. Onintzak duda egingo du: bi mutilak dira azeria eta arranoa? Nor da azeria, ordea?
Onintzaren ikuspegia da nagusia. Neska ez dago gustura. Zerbait falta zaio, zerbait behar du, eta inguruak ere presionatu egiten du. Zer egin bizitzan? Ez daki, eta jakin beharko lukeela iruditzen zaio.
Zer dago istorioan?
Gazte batzuen dudari eta beldurrari buruzko istorioa da. Bakarrik egon nahi ez izanari buruzkoa, horretarako eraikitzen ditugun ametsei, eta ez dugun beste zerbaiten nahiari buruzkoa.
Onintzarentzat, errealitatea, ustezko errealitate bakarra, hain da, batzuetan, grisa eta gezurrezkoa. Hain da mugatua. Horregatik hasiko da neska ertzen bila, olatuak musika eta haizea kolorea izan daitekeeneko eremuen bila.
Zalantzek erakarri izan naute betidanik idazteko orduan. Beharbada, nireak hor ditudalako sarritan, zintzilik, oihuka eta dantzan. Nolakoak gara benetan? Normalean behintzat, ez pentsatun nahi genukeen modukoak. Esate baterako, inor gutxik onartuko luke jeloskorra denik, baina gero, uste baino askoz errazago ateratzen zaigu angustia, beldurra, mina… Alegia, jelosiaren muturra.
Liburuko protagonista batzuk zintzoak izan nahi dute, bakoitza bere erara. Zoriontsu izan nahi dute, gehientsuonon modura. Nola, ordea? Ai, horra koska.
Erritmo biziko istorioa da, eta elkarrizketa ugari ditu. Protagonistek asko hitz egiten dute elkarrekin… eta hala ere nekez komunikatuko dira behar bezala, ezta norberaren buruarekin ere. Izan ere, itxuraz inoiz baino komunikatuago gauden arren (hitz egiteko, bidaiatzeko, edota desagertzeko…), aldi berean esan liteke inoiz baino bakartuago sentitzen garela. Inoiz baino urrunago eta deskonektatuago.
Hainbeste aitzakia, ia nahi bezainbeste amesteko, hainbeste kide inguruan… eta zergatik sentitzen da Onintza hain deseroso, minez, bakarrik? Ziur nago galdera hori gehiegitan errepikatzen zaigula. Are okerragoa: ez da soilik besteekiko inkomunikazioa. Hor hasten da arazorik larriena. Barrura ere nekez komunikatzen gara. Zer nahi dugu? Ondo egon. Baina ez dakigu nola, eta batzuetan ez dugu jakin nahi. Geure buruari boikota egiten diogula ematen du.
Liburuko protagonista gazteek, Onintzak, Agustinek eta Ikerrek, bakoitzak bere erara, amets horiek bilatu nahi dituzte, zoriontasun esparrutxoak: maitasuna, askatasuna, abentura… Ohartzerako, ordea, berehala agertzen dira norberekoikeriak. Beldurrak.
Onintzak ez du bakarrik egon nahi. Hala ere, ez daki nola aurkitu konpainia ona. Grina du motore, eta grina horrek nahastu egiten du. Biziago sentiarazten du, eta labainkor. Garraren distira irrikatzen du… erretzeak beldur ematen badio ere.
Bizitzak bi su erakusten badizkio, nola asmatu? Su batek, beharbada, beroa eta argia emango dio. Besteak, ordea, litekeena da errauts bihurtzea.
Idaztankera
Elkarrizketaz josia dela esana dut. Bereziki biziak egiten ahalegindu naiz. Bereziki piperdunak. Bereziki sinesgarriak. Irakurleak hitzekin dantza egin dezan. Istorioarekin ziztuan joan dadin.
Zenbait gazteren kexuek kezkatzen naute. Euskaraz poliki (edo polikiago) irakurri behar izaten dutela. Horregatik ahalegindu naiz “traba” gisa har ditzaketenak arintzen. Irakurleren baten ustetan lortu badut, primeran. Lortu ez badut… hurrengoan gehiago eta hobeto.
Jakina, ez da gazteentzat soilik idatzitako testua (horrelakorik existitzen al da? Irakurle “heldu” asko inguratu zaizkit esanez, lotsa puntu batez, oso gogoko dituztela nire liburu “gazteak”). Askotan errepikatzen dudana egin dezala irakurleak: irakurri hasierako bizpahiru orrialdeak. Hor izango du doinua eta kolorea. Gustukoa izanez gero, aurrera. Bestela… bestela ez. Ea lehen aukeran geratzen den!