Ukabilak zeharo itxita jaio omen nintzen mundura. Ez, ez nengoen haserre, jakin-minez baizik. Hainbeste kolore berri, mugimendu, usain… Ezin nuen ezer ulertu! Nire izaeraren alderdi nagusietako bati loturiko keinua izan da ordutik. Zerbait ulertu nahi dudanean, ukabilak itxi, eta jo eta su sartzen naiz, burugogor.
Buruhandia ere banaiz, eta ez da txantxa. Beharbada, horregatik eroriko nintzen askotan: ibiltzen ikastean, bizikletan, ibaiertzetan lagunekin horma guztiak eskalatzen saiatzean… Kolpe gehienak hortxe hartzen nituen ezinbestean: buruan. Normala. Pisu kontua. Seguruenez, horrek ere azalduko du nire xelebrekeriaren bat edo beste (xelebrea ni? Ni?).
Lurrean nintzela, noski, ukabilak itxi, eta altxatzen saiatzen nintzen, ibiltzen ikasi arte, bi gurpilen gainean moldatu arte, edo harrizko tontorreraino eskalatu arte. Buruhandi, burugogor.
Gurasoek diotenez, oso txikia nintzela, ez omen nuen ia negarrik egiten… eta ezta barrerik ere. Ziur asko, mundu absurdo hau ulertu ezinda jarraitzen nuenez (tira, oraindik ere apenas), edo, ez gutxitan, grisa bezain aspergarria iruditzen zitzaidanez, neure baitan bilduko nintzen, ametsekin jolas dibertigarriagoak egiteko.
Geroago, eskolan, izugarri despistatua nintzela ohartu nintzen. Oso gogokoa nuen irakurtzea, eta irakasleak gramatikaren auskalo zer azaltzen zuenean, abentura bila abiatzen zitzaidan arreta, izarrez izar, ilusioaren espaziontzia hartuta. Jolastokian ere, antzera. Lagunekin futbolean hasten nintzenean, bigarren minuturako nengoen gora begira, lainoen marrazkiak miresten eta txorien kantak ulertu nahian. Ulertzekoa denez, ez nuen gol askorik sartzen. Orduan, bolada triste bat izan nuen. Sinetsita nengoen ez nuela askorako balio: ez ikasteko, ez kirolerako.
Zorionez, laster aurkitu nuen irribarrea: artean oso gaztetxoa nintzela, Einstein ezagutu nuen. Edo, hobeto esanda, Einsteini buruzko biografiatxo bat. Han, zientzialari handiaren gorabeherak azaltzen ziren, eta, batik bat, haren izaera. Oso gizon despistatua omen zen, lan bikainak egin zituen… eta, oroz gainetik, zoriontsua izan zen. Banuen! Banuen modu bat: zer egin behar nuen zoriontsua izateko, zeharo despistatua izan arren? Ezin errazagoa: Einstein bihurtu!
Astronomiaz maitemindu nintzen, fisikak konkistatu ninduen, zenbakiek, biologiak… eta zientzia-itsaso haietan barrea aurkitu nuen, izadiaren olatuetan igeri. Zorionekoa ni, ondo heldu nion, eta ez dut harrezkero galdu. 🙂
Niretzat, etorkizuna teleskopio bat zen, eta ni mendi tontorretan, zeruari begira. Nerabezaroan zientziazale jarraitu nuen, baina, ezinbestean, bestelako zaletasun batzuk ere aurkitu nituen. Esan beharra dago? Ia egunero maitemintzen hasi nintzen, eta ez dut ulertzen nola ez zitzaidan bihotza ahotik atera egun haietan, hain taupa bortitzen ondorioz.
Lehen poesia… Neska batek txora-txora eginda nindukan, eta nik, inuxente eta beste ezer asmatu ezinda, poesia bat idatzi nion. Jakina, poesia hark denboralditxo luzea egin zuen kaxoi batean gordeta. Azkenean eman nion neska hari, eta peripezia osoa kontatuta, barre ederrak egin zituen.
Txoroaldiz txoroaldi, makina bat lotsa-poesia idatzi nuen (ez soilik pixka bat lotsagarriak zirelako, lotsaren ondorioz idazten nituelako baizik), eta ipuinak zirriborratzen ere hasi nintzen. Ipuin frikiak. Goreak. Fantastiko-eroak. Nire barru-istorioak idaztea plazer hutsa zela konturatu nintzen. Modu zoragarria zen ametsak elikatzeko edo, hobeto, bizitzeko.
Denetik irakurtzen nuen bitartean, fisika karrera hasi, eta, geldirik egon ezinda, hura amaitu aurretik filosofian ere sartu nintzen. Lehen karrera zintzilik geratu zen, baina bigarrena bai, amaitu nuen. Bide batez, hamaika lantxo egin nituen: segurtasun-zaindari (bene-benetan), irakasle, kolaborazioak han eta hemen…
Arteka-marteka, idazten jarraitzen nuen. Ipuin sorta amaigabea neukan, eta lagun batek baino gehiagok egin zidan galdera bera: zergatik ez nituen nonbaitera bidaltzen? Horixe egin nuen: batzuk hartu, eta proba egin.
Egundoko zorte ona izan nuen. Sari txikiren bat eman zidaten, gero besteren bat… Norbaiti gustatu egiten zitzaizkion nire zorakeria haiek! Joño, zertxobait idazleago sentitu nintzen. Ez asko, baina inoiz baino gehiago.
Zorte onak jarraitu egin zuen. Beno, lan haietan sartutako orduek ere izango zuten zerikusirik. Oso egun gutxiren buruan, sari deigarri batzuk eman zizkidaten: Donostia Hiria ipuin lehiaketan, Elhuyarrek antolatutako zientzia-sarian bigarren, Bilboko Hiriko akzesita…
Nor ote zen Azpeitiko perretxiko ezezagun eta xelebre hura? Editore batzuek lanak eskatu zizkidaten. Gehienak oso, baina oso-oso txarrak ziren (lanak, ez editoreak). Noski. Baina editore haietariko bi gustura-edo geratu ziren nire ipuin batzuekin: Iñaki Zubeldia eta Xabier Mendiguren. Handik hilabete gutxira, bi liburuxka nituen kalean. Ezin nuen sinetsi.
Idazlea nintzen benetan? Artean ez. Idatzi egiten nuen. Dexente. Baina hortik idazle izatera… Ez. Ez nintzen hala sentitzen. Ez guztiz.
Eskola eta kultur-talde batzuetara joateko proposamena egin zidaten, liburuei eta literaturari buruz aritzeko. Nahiko arduratuta joan nintzen. Zer kontatuko nien irakurle gazteei? Zer helduei? Apurka, ordea, jabetu nintzen nolako altxorra zen hura: nire liburuak hobeto ulertzeko modua, eta idazteko nituenak hobetzeko aukera paregabea.
Pixka bat despistatua naizenez (pixka bat baino ez), hitzaldi horiek emateko errepideratuta, Euskal Herriko bide guzti-guztietan galdu naizela uste dut. Garbi esanda, ez dut uste inor dagoenik gure bazter ederretan ni adina galdu denik. Gehiegikeriarik gabe.
Baina harira. Ibilaldi etengabeei esker, jende interesgarri ugari ezagutu dut. Herri ezin atseginagoak. Bizipen bikainak bizi.
Nola joaten diren egunak! Hamar urte inguru izango da erdi-serio idazten hasi nintzela. Denbora puska bat izan da neure burua aztertzen joateko: berresteko lagunak eta txokolatea gustatzen zaizkidala, barre ugari egitea eta leku ezezagunetara bidaiatzea, abentura sinesgaitzetan amaitzea, eta kalexka ilunetan eta enbor zaharretan gordetzen diren istorio txikiak irenstea, eta gero hitzez margotzen asmatzea.
Kontuak kontu, eta laburtzeko eta amaitzen joateko, hasiberri sentitzen naiz. Umiltasun faltsurik gabe. Urtetik urtera, esperimentu literario asko egiten joan naiz, hariaren magia dela, erritmoa dela, elkarrizketa, deskribapena edo erakarpena dela… Ikasten ari naizela iruditzen zait, izugarri baino nabarmen gehiago. Eta, noski, hori nire hurrengo liburuetan islatuko dela. Presta zaitezte, irakurle kuttunak!
Zer da niretzat idaztea? Zenbaiti entzun izan diot, aldizka, idaztea sufrikarioa dela. Batzuetan ez da gezurra izango, baina ez nuke esango (inola ere!) egia biribila denik. Idaztea mendira joatea bezala da niretzat. Gerta liteke aldapak arnasa goritzea, euritan blai amaitzea, edo hanka bihurrituta. Hala ere, hala ere, mendizaleontzat, horrek guztiak zinez merezi du. Bai horixe! Nekea, izerdia, gihar-mina… baina zuhaitzen kantua, haizearen laztana, zeru gardena nahiz haserrea, askatasuna, ametsa, zeure buruarekin bikain sentitzea… Demontre, horrek ez du parekorik!
Ba, hori da, niretzat, idaztea. Askotan nekea, edo etsipena, edo korapilo garratz bat ezin askatzea. Baina gero, apurka, bide ezezagunak sasi basatien artean, zeure burua gainditzea, tontorrera iristea, haize hotza, poztasun deskribagaitza, malko txiki bat masailetan behera… Idaztea bizitzea da. Eta bizitza da.
Azken urteak abentura izan dira niretzat. Nire pertsonaia guztiek bizi dituztenak baino zirraragarriagoa. Horregatik, pozik nago.
Badira oztopoak, nola ez. Baina koska bat aurkitzen dudan bakoitzean, badakit zer egin: ukabilak itxi eta barrea jantzi. Oztopoa malgutu arte. Ulertu arte. Konkistatu arte. Eta zoriontsu izan, ze arraio!
FUNTSEZKO DATUAK 😉
Irakurzale amorratua izan naiz txikitatik. Batik bat zientzia, fantasia eta zientzia fikzioa irensten nituen arren, egia esan, orojale samar ibiltzea gustatu izan zait beti.
OSO GOGOKOA DUT:
- Lagunen batekin gelditu, kafetxo bat hartu eta, patxadaz eta umorez, existitzen diren gai interesgarri guztiei buruz hitz egitea (txiste errezenetatik hasi eta txiste konplexuenetaraino).
-
Beste lagunen batekin gelditzea eta aurreko gauza bera.
- Beste lagunen batekin gelditzea… eta abar.
- Irakurtzea, irakurtzea, irakurtzea. Saiakerak, nobelak, ipuinak, poesiak, komikiak, gidoiak. Olatuak, begiradak, izarrak, ametsak, sentimenduak eta sekretuak. Irribarreak, malkoak, dardarak eta desafioak. Han eta hemen. Orain eta gero. Bizitza sentitzea. Bizitza irakurtzea. Bizitza bizitzea.
- Motxila hartu, ezagutzen ez dudan tren edo bus batean sartu, eta ezagutzen ez dudan lekuren batera iristea. Han, sentitzea, ikustea eta ikastea. Bizitzea. Beti bizitzea. Eta, ahal dudanean, hari guztiari buruz idaztea. Barrutik kontatzen asmatzea. Ausartzea.
- Mendira joatea eta galtzea (nahita eta nahi gabe).
- Fisika, matematika, animaliak, filosofia, historia, artea, mitologia, psikologia, informatika… Ufff, denetik pixka bat! (Beti-gose madarikatua naiz horri dagokionez).
- Teknologia (ikusi adibidez Audioliburuak atala)
-
Filmak. Fantasia, zientzia fikzioa, abentura. Misterioa, intriga, desberdina. Txikiak. Handiak.
- Musika. Tzunba-tzunba izan ezik, ia denetarik gustatzen zait, aldartearen arabera.
- Txokolate beltza, oso beltza, bel-bel-beltza, eta patata tortilla (ez biak batera!). Jogurt-bizkotxoak (ikusi argazkietan neuk egindako bi!). Portzierto, lagun batek esan dit bizkotxoak egitea oso erraza dela. Beharbada. Baina ez nireak bezain goxoak! 🙂
- Era guztietako borroka-arteak (filosofikoak eta fisikoak).
- Lagunen batekin gelditzea, kafetxo bat hartu… eta abar. Bider bi. Bider hamaika.
- Bidaiatzea, galtzea, sentitzea, bizitzea, bizitzea, bizitzea…
- Niretzat gordetzen ditudan zenbait sekretu. 🙂
Nire datu serioxeagoak-edo nahi izanez gero (ez benetakoagoak!), euskal wikipedian aurki ditzakezue, hementxe).
(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe istorioak)