Elkar, 2003.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 15 urtetik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Hamasei urteko neska bat da Larraitz: bizia, azkarra, sentibera, jatorra… baina ez da polita, eta horrek min handia ematen dio. Alferrik esango diote “barnea” dela garrantzitsuena, gero inguruko mutil guztiak bere ahizpa Usoaren atzetik baldin badabiltza.
Nobela atsegingarri eta aldi berean mamitsua burutu du berriz ere Fernando Morillok, gazteen mundua eta arazoak islatzeko ohi duen trebeziarekin. Izan ere, polit izatea, gazteentzat ez ezik, pertsona ororentzat da kezka, aitortua edo ezkutua, eta horrez gainera zer pentsatua ematen duen gai sakona.
Trama arin eta elkarrizketaz betea osatu du egileak, filosofiazko tanta batzuekin han-hemen zipriztindua. Bestalde, aipagarria da sexua bezalako gai labainkor bat naturaltasunez lantzeko erakusten duen fintasun eta maisutasuna. Hitz bitan esateko: edozein irakurlek ondo pasatzeko nobela, eta, era berean, gaztearen edukazio sentimentala garatzen lagunduko duena.
Nire iruzkina
Hemen, berriro heldu nion neska baten ahotsa islatzeari. Larraitz da protagonista, eta haren hitzen bitartez ezagutuko dugu historia.
Adiskidetasunaren eta guztiok izaten ditugun nahasmenen inguruko nobela da. Edertasuna du ardatz (ustezkoa, alegiazkoa, egiazkoa… zein da edertasunik berezkoena? Ba ote halakorik?). Baina, lerroartean bada ere, baita ERRESPETUA ere. Norberarekiko errespetua eta besteekikoa.
Larraitzek ez du bere burua erakargarritzat jotzen. Haren ahizpak hamaika mutil erakatzen ditu; berak ez. Horrek min egiten dio. Eta bila hasiko da. Edertasunaren, adiskidetasunaren, bizitzaren bila.
Larraitzek ez du bete-betean asmatuko, hasieran batez ere. Oso egokia ez zen mutil batekin hasiko da… hura hobea delakoan bakarrik egotea baino. Larraitz ez zegoen bakarrik, ordea, alboan baitzuen laguna, aholkuak emanez eta laguntzeko prest. Entzutea falta.