Elea, 2005.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 15 urtetik, 150 urte ingurura.
Sinopsia
Fernando Morillok badaki gazteen unibertso nahasi eta zerratuena islatzen. Azpeitiarrak urteak daramatza gazte literatura jorratzen eta bere lanak ezagunak dira Euskal Herriko ikastetxe, ikastola eta institutu gehienetan.
Hala ere, eleberri honetan Fernando Morillo pauso bat haratago joan da, eta egitura bikoitza duen lana ondu du, neska-mutil biren agenda sekretua osatuz. Hirukote bat ardatz hartu eta istorio txikien amaraun kilikagarria sortu du azpeitiarrak. Idoia, Jon eta Gariren arteko harreman korapilotsuan sentimenduak, gezurrak eta kontraesanak dira nagusi, eta Morillok horiek denak lotu ditu lan zirraragarri honetan, tentsioa azkeneraino mantentzen duen eleberri zorrotz honetan.
Idoia eta Gariren egunerokoek erakutsiko digute gaur egungo gazteen unibertsoan zerk agintzen duen: zerk kezkatzen dituen, zerk motibatzen dituen eta zerk ematen dien amorru.
Elea Argitaletxeak Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioarekin batera karrikaratutako lana, «Atari» bilduma berriaren lehen alea.
Nire iruzkina
Beste testu esperimental bat izan zen hauxe. Elea argitaletxeko Iñaki Mendizabalek eguneroko bat idaztea proposatu zidan. Nik, betiere dena konplikatzeko prest, bi idaztea proposatu nion bueltan: istorio bat, bi pertsonaiak kontatua. Bata neska, mutila bestea. Bakoitzak bere erara biziko ditu egoera berak, eta bien ahotsetik ezagutzeko aukera izango du irakurleak. Narrazio intentsua eta erritmo bizikoa atera zitzaidan.
Liburuak, beraz, bi zati ditu, bi azal: azal batetik hasiz gero, neskaren bertsioa irakurriko duzu; bestetik abiatuta, berriz, mutilarena.
Nola irakurri behar da? Ez dago modu bakarra: bata bestearen atzetik irakur daiteke, edo biak batera, datei begiratuz. Zuek ikusi. Ondoen iruditzen zaizuenari heldu!