Gaumin (2013). Adina: 11tik aurrera. 112 or.
Liburuaren hasiera
Liburuaren fitxa
Prezioa: 13,50 euro
Sinopsia
Zonbia, Tristras, Itsaso, Zoro eta haren lagunen bigarren abentura.
Oraingoan, bihozminak jotako deabru triste eta arriskutsu baten atzetik ibili beharko dute, non, eta Donostiako kaleetan. Alde Zaharra, Urgull, Kontxako badia… infernutik arrosa beltzak dakartzan deabruaren atzetik. Zergatik arrosa beltzak? Zer sekretu gordetzen dute ba?
Kontua da Itsasoren ama Tristrasez liluratuko dela, eta hura bezain xelebrea dela emakumea. Gainera, ikaskide batek Zoro gezurti bat dela erakutsi nahiko du guztien aurrean, bere aitaren laguntzaz, eta Markosek ere bere maitasuna aitortu nahiko dio Urruñeri, Zororen arrebari. Besteak beste.
Bihotz guztiak nahaspilatuko dira berehala, eta ezingo dute egoera infernu-komiko batetik atera hurrengoan sartu gabe.
Pertsonaiak
Zoro. Narrazioaren ahots nagusia da. Tristras bere aitak mamuekin eta deabruekin hitz egiten zuela ikusita, dimentsio arrotzetako izaki ezkutuak aztertu eta batzuetan borrokatu behar izaten ditu, matematika bitxi baten bitartez, edo sorginkeriez.
Tristras. Zororen aita. Xelebreen artean xelebreena. Txistera fosforito bat janzten du. Batzuetan, hitzen bokalak trabatu egiten zaizkio, eta orduan ezkerreko belarritik egin behar zaio tira, edo ito egingo litzateke. Izaki bitxi guztien hizkuntzak ezagutzen ditu. Ezezagunaren Ikerketa Agentziaren zuzendari ezin penagarriagoa da.
Itsaso. Zororen amodio sekretua eta ez hain sekretua. Aurreko hortzak oso bereizita ditu, eta krema katalanaren usaina du Zororen ustez. Batzuetan desesperagarria eta eramangaitza, baina emakume fatalaren jantziaren atzean, lehoi-eme bat bezain noblea adiskideak laguntzeko orduan.
Urruñe. Zororen arreba pipertsua. Bi koleta erraldoi ditu, zaldi-buztanen modukoak, eta Markosen taupadak gidatzen ditu, nabarmen, mutila isilpean gordetzen saiatzen den arren.
Markos. Mutiko lotsatia eta bakartia, berez, baina Zorok ikaskide batzuen aurrean defendatu zuenetik, haren lagun-mina, eta harengatik bere beldur guztiak irensteko prest. Zororen ustez, garaiz kanpo jaiotako kixotea eta Bilbolandiako tiporik zintzoena.
Eta azkenik, Zonbi. Zonbia da, noski. Urte asko eman zituen hilkutxa batean sarturik, usteltzen baina hil ezinda. Zorok eta adiskideek askatu eta babestu zutenetik, haiek edonola defendatzeko prest dago. Ezezagunaren Ikerketa Agentziaren bazkide eta sortzailea da, Zoro eta Tristrasekin batera.
Kuriositateren bat edo beste
Irakurle dexentek esan zenidatenez, asko gustatu zitzaizuenZonbia San Mamesen liburua, umoreagatik eta erritmoagatik. Hala ere, galdetu nizuenean zer hobetuko zenuketen, zenbaitek erritmo are biziagoa aipatu zenuten. Zonbiaren bilduman mugimendua (mugimendu handia) garrantzitsua denez, hor duzue emaitza:Infernuk arrosak, lehena baino are azkarragoa.
Bestalde, tarteka galdeten didazuenez, bai, azalean agertzen den zonbiak nire antz handia du. 🙂 Hemen ikusi ditzakezue haren inguruko informazio eta irudi gehiago.
Liburuko kokapen batzuk
– Donostia
Ni azpeitiarra naiz, Gipuzkoaren erdi-erdian dagoen mendiz inguraturiko herri eder batekoa. Azpeitia ez da txiki-txikia ere, baina batere handia ere ez. Horregatik, txikitan, Donostiara joaten nintzen bakoitzean, beti geratzen nintzen liluratuta hiri horrekin: hura bai zela munduko gunerik handiena! Eta gainera Urgull zeukan, eta Alde Zahar amaiezina, eta Kontxako badia. Jakina, apurka ikasi nuen bazeudela hiri handiagoak. Askoz handiagoak. Edozein modutan, beti geratu zitzaidan halako lilura Donostiarekin. Eta horregatik azalduko zait, tarteka-marteka, istorioetan. Ezinbestean.
– Urgull
Beti gustatu izan zait mendia. Txikitatik ibili izan naiz harrapatzen nituen mendi-bidexka guztietan barrena. Gogoko nituen mendi horietatik, txikienetakoa zen Urgull. Mendixkara ere ez zen iristen, serio jarriz gero. Baina, bere txikian, xarma berezia zeukan. Donostiako Alde Zaharrean sortzen zen, nire begi gaztetxoen ikuspegitik, eta ezin konta ahala bidexka gordetzen zituen. Ez gutxitan iristen zitzaizkidan han gertatutako hamaika istorioren xuxurlak: maitasun nahiz gerra istorioak. Egundoko bistak eta txokoak, gotorlekua, kanoiak… eta Ingelesen Hilerria.
– Ingelesen Hilerria
Hiri ezezagun batera joaten naizenean, sarritan egiten dudan lehenbiziko bixitetako bat hilerria izaten da. Hilerrietan idaztea gustatzen zait. Eta ez inolako morbo xelebrerengatik. Alderantziz. Hilerriek sekulako bakea ekartzen didate. Eta musek ozenago hitz egiten didaten haietan.
Hilerri horietako bat Urgull mendian bertan dago. Txikia da, baina goitik behera dago sorgindua. Normala liburuko deabruak han izatea txokoa.
– Ekintza Ikastola
Irakurle ugarik izaten dute gogoko istorioak ezagunak dituzten lekuetan girotzea. Irakurle gazteen egoitza nagusietako bat ikastetxea da, noski, han igaro behar dituztelako orduak eta orduak. Haien eskoletan bixitan egoten naizenetan, sarritan eskatzen didate beraien eskolan kokatzea pasarteren bat. Apurka-apurka, eta istorio bakoitzak posible egiten duen heinean, betiere, joango naiz halakoetan txertatzen nire istorioetako pertsonaiak.
Lehenbiziko abenturan, Zonbi Bilbon zen. Zoro protagonista Unamuno BHIn zegoen, eta han abiatzen da saltsa guztia. Oraingoan, Zoro, Tristras, Zonbi eta haien lagunek Donostiara jotzen dute. Eta ezagutuko duten lekuetako bat Fernandok (alegia neuk) ere ezagutzen duen (dudan) ikastetxea da: Ekintza Ikastola.
Nire bizitzan gehiegitan errepikatzen zaidan zerbait gertatzen zait Ekintzan: batzuetan-batzuetan joan izan naiz dagoeneko… eta hala ere ia beti galtzen naiz bidean. Zorionez, Zonbi eta lagunak lehenbizikoan iritsi ziren ikastetxera… nahiz eta txikizioren bat edo beste eragin.
Hemendik eskertu behar diet hango lagunei beti egiten didaten harrena ona. 🙂 Ea deabrurik sartzen ez zaizuen geletan!