Gaumin, (2012). Adina: 14tik aurrera. 128 or.
Sinopsia
Itzalen sua liburua da… Barkatu. Ez da liburua: testuari estu besarkatuak eta haren gainetik dabiltza hegan ilustrazio zinematikoa eta interakzio artistikoak, infografia eta musika, estilismoa, makillajea eta antzezpena. Asko batean.
Mari jainkosa, Sugaar dragoia, Gaueko, Aker, Sorgin, Basajaunak… Betiko euskal mitologia gure mundura jaiotzen deneko abentura hutsa, ez jada gaurko begiradarentzat, iristear zaigun beste zerbaitentzat baizik. Entzuten duzue, ezta? Hain zuzen ere: etorkizuna da.
Zer da Itzalen sua?
Hainbat sortzaileren elkarlana, liburu bat baino askoz gehiago izan daitekeen “istorio-eremu” bat sortzeko. Irakurtzeko abentura, ikustekoa, entzun eta harritzekoa.
Itzalen Sua. Hor goian duzue Xanti Rodriguezek osatutako making ofa.
Musika DIM-ek eginikoa da, espreski lan honetarako. Itzelak biak!
Pertsonaiak
Lilit
Izan ez, sentitu egiten dut. Sentitzen dut ez dakidala nora. Hona ez dela soilik. Ihes egin nahi dut. Hara-hona urrun, hurbil ez huts egiteko. Neure burua aurkitzeko, eta berriro arakatzeko gaueko itzalek xuxurlatzen dizkidaten sekretu ulertezinak. Inoiz baino harago joan. Barrurago. Inor baino niago.
Oihan
Asaldura eta oinazea naiz. Musika… ez al duzue entzuten suntsipenaren musika? Eromenarena? Ez du inork ikusten? Jakin egin behar dut. Nire amesgaiztoetako begi beltzak aurkitu behar ditut. Nor naizen ulertu.
Gaueko
Gauaren Jauna naiz. Iluntasunaren jainkoa. Lehena izan nintzen. Berebizikoena. Izugarrietatik izugarriena. Orain, hura berreskuratu nahi dut. Kosta ahala kosta.
Mari
Ni naiz Dama. Jainkoen Jainkosa. Ekaitz eta trumoien marmara eta mendekua. Nik agindu, guztiek obeditu. Denbora luzea daramat lozorroan. Nagiak ateratzeko eta nire izena aldarrikatzeko sasoia da. Betiko izateko behiala izan nintzena.
Eztebe
Zer naiz? Aztia? Maisua? Garra ilunean? Edo katea izateari utzi nahi ez dion katea? Nolanahi ere, dirudidana baino gehiago
Aker
Hona ni neu, akelarreen arima. Jainkoetatik argiena eta jostariena. Zuen deabrua izan nintzen, zuen izularria eta dena-gosea. Nire ametsa? Libre izatea neu izateko.
Sorgin
Patu egilea naiz, zoriaren laboraria. Txorien hegaldiak irakurtzen dituena, eta lurraren murmurioa. Gaueko itzalen aurka borrokatzen den artzain biluzia.
Itzal
Ni naiz izpi eta izu ororen azpialdea. Eguzki guztien iluntasuna. Narrasten eta auskultatzen. Zure gauak patruilatzen ditut, hamaika milioi amesgaiztorekin. Indartsuago. Beltzago. Nire beldur ez zarela uste duzu? Ja. Zure bizkarrean naiz…
Basajaunak
Basoko zuhaitzak gara, eta piztia bizienen orroa. Mozkorturik edo eroturik ez bagara, zure lagunik minena izango gaituzu… edo etsairik latzenak.
Tartalo
Nire begiak begi bat dira, baina besoak milaka beso. Ez naiz jakintsua, ez naiz pentsalaria. Baina lagun bazaitut, zure borrokalaririk basatiena izango naiz, eta milaka dozena buru triskatuko ditut zugatik.
Sugaar
Sua eta nire Damaren ohea elikatzen ditut. Ni naiz altxor guztiak bere baitan dituen dragoia. Mundura berriro jaio nahi duen zaindaria. Jaio eta borrokatu. Eta garaitu. Berriro eta betiko gobernatzeko.
Gudaroste beltza
Indar ezezaguna gara. Gaua baino beltzagoak, birsortzeko lehertzen den izar baten kemenaz jantziak. Ez gaituzu entzuten? Bagatoz. Bagatoz.
Eromenaren gudarostea
Gu gara arima ezkutua. Sumendiaren laba-amorrua. Etorkizunaren zaporea duen odola. Betiereko desorekaren balantza.
Zuberoa eta Lur-deabruak
Amalurraren deiadarra gara, Anbotoko Dama Eternoaren suzko ahotsa. Zuen munduko teklak laztantzen ditugu, hatsaren eta galbidearen kontzertu etengabean. Elezahar zaharberrituen nota-arteko deabruak.
Lan-taldeari eskerrak
Artista erraldoi batzuekin batera aritu naiz lan honetan, eta guzti-guztiei eman behar dizkiet eskerrak, erakutsi dutenagatik, direnagatik eta eskainitako guztiagatik.
– Xanti Rodriguez: argazkiak ateratzen, argazki horiei mitologiaren doinua ezartzen, infografia sinestezinak sortzen, talde osoa mugitzen eta bizitzen. Jadanik ematen ari den zer esana baino are handiagoa emango du laster gure Xantik. Goi mailako artista petoa (Ikusi Irudiak eta musika).
– Alicia de Miguel: pertsonaien jantziak asmatzen, diseinatzen, eraikitzen eta haiei arima txertatzen,bere irudimen amaiezinarekin.
– Monika Agirre: makillaje magikoari emana, pertsonaia bakoitzaren atzean eskutatzen zen maskara agerarazi eta indartu ditu, eta nola.
– DIM/Diabulus in musica: Jainko mitologikoei zegokien doinu anitz bezain boteretsua eskaintzen asmatu dute. Orain Erdi Aroko kutsua, orain garaikide ilun eta indartsua, orain Zuberoa abeslariaren soprano dohainak erakusten. Sekulakoa. Ile guztiak lazteko moduko musika (Ikusi Irudiak eta musika).
– Ezin ahaztu, eta ezin merezi bezainbeste eskertu, hainbat artista zoragarriren laguntza, mitologikerietan: Ander Lipus, Iban Garate, Oihana Maritorena, Joan Mari Irigoien, Lakrikun antzerki taldea, Xabier Euzkitze, Estitxu Fernandez, Ilaski Serrano, Nerea Garmendia, Su ta Garreko Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida… Gora zuek, eta mila-mila esker guztiei!
Komunikabideak, prentsa, sareko kontuak…
(Artikulua) Itzalen Sua, mitologia ingurune garaikideetara dakarren lehen «liburu interaktiboak» (Gara, Gaur8)
(Artikulua) ‘Itzalen sua’ liburua eta DVDa aurkeztuko dituzte gaur Durangon (Uztarria)
(Audioa) “El fuego de sombras”, un álbum ilustrado y DVD (Radio Euskadi)
(Artikulua) “Itzalen sua” proiektua bukatzear dira Fernando Morillo eta Xanti Rodriguez (Uztarria)