Adina: 12tik aurrera. 192 or.
Gaiak: bazterketa, desberdina izatea, sorginak, maitasuna, abenturak, beldurra, magia, jelosia, animaliak, oztopoak gainditzea.
Liburuaren hasiera.
Liburuaren fitxa.
Prezioa: 13,50 euro
Audioliburu osoa edo Irakurketa Gida lortzeko (doan), idatzi niri zuzenean (fernandomorillo2@gmail.com)
Gaumin (2012).
Sinopsia
Xabin Tanzaniatik etorritako albinoa da. Han, beltzen arteko zuria zen. Gurean ere, Xabin desberdina da. Zurien arteko… beste zerbait. Beti beste zerbait. Desberdina izaten ikasi beharko du.
Anais 400 urteko sorgin “gaztea” da, beltzez jantzia eta beldurgarria. Ama salbatzearren, Anais edonor txikitzeko prest dago. Amesgaiztoen Etxean bizi da, Izuaren Pasabidea izeneko gune arriskutsu bat dagoelako bertan, eta Xabin engainatu nahiko du han sartzeko.
Lagunen eta nahasmenen artean, ordea, edonolako magiak baino gehiago nahas dezake bihotzak.
Abenturaz beteriko istorio magiko eta beldurgarria, adiskidetasunaz eta bazterkeriaz hitz egiten diguna.
Berezitasunak
Bazterkeria eta adiskidetasuna lantzen dira nobela honetan, magiaren eta abenturaren laguntzaz. Xabin albinoak oskol bat eratzen ikasi behar izan du, bere burua babesteko. Bere bizipenak bultzatuta, inguruko baztertuak ere babestu nahiko ditu: Gotzon mutiko lodia, Laura neskato tristea edo Itziar, Anaisen esklabo bihurturiko emakumea.
Horrela, iluntasunean ere aurki daitezkeen askatasuna, leialtasuna eta noblezia ezagutuko ditu Xabinek, eta espero ez zuen sentimendua piztuko zaio “etsaiarekiko”, edonolako magiak baino gehiago nahas baitezake bihotzak. Munduari begirada zabalago batez begiratzearen garrantzia aldarrikatzen duen istorioa.
Bideo honetan hitz egiten dut apur bat bazterkeria edo bullying-a nola landu daitekeen ikasgelan:
Zenbait kontu
Sarritan galdetzen diet irakurleei zer bilatzen duten liburu batean. Noski, denetariko erantzunak aurkitzen ditut: misterioa, intriga, abentura, bihotza… Ba al dakizue zein diren etengabe errepikatzen diren beste bi gai? MAGIA eta BELDURRA.
Zorionez, niri ere gustatzen zaizkit. Biak. Hortaz, gustura egin dezaket horrelako (honelako!) istorio bat, idazten goxatu, eta bide batez irakurle horien (zuen!) beldur-nahia eta magia-gosea ase. Denok alai! 🙂
Hemen duzue abenturaz beteriko istorio beldurgarri eta magikoa. Ekintza + magia + izua. Lagun giroa + odol giroa. Ohorea + duingabetasuna. Eta duintasuna.
Protagonistetariko batzuk
Anais da protagonista nagusietariko bat, 400 urteko sorgin “gaztea”. Gogorra, zaildua. Beltzez jantzia eta beldurgarria. Ama salbatzearren, edozertarako prest dago… eta edonor txikitzeko. Amesgaiztoen Etxean bizi da. Izuaren Pasabide izeneko gune arriskutsu bat dago bertan.
Beste alde batetik, Xabin dugu, Tanzaniatik etorritako albinoa. Tanzanian, oso modu bortitzean hiltzen dituzte halako ezaugarria duten pertsona ugari, sorginkeriatan erabiltzeko. Han, Tanzanian, beltzen arteko zuria zen. Hemen, gurean, zurien arteko… beste zerbait. Beti beste zerbait. Desberdina izaten ikasi behar izan du.
Anaisek ausart bat behar du Izuaren Pasabidean sartzeko. Xabin aukeratuko du… Baina Xabin uste baino ausartagoa da. Eta Anaisek aurrean izango du, haren lagun batzuekin batera.
Askatasuna eta leialtasuna aurkituko dituzte… edo ez. Gizakion ilunkeriak eta nobleziak. Pertsonaien arteko adiskidetasun eta korapilo sentimentala. Edonolako magiak baino gehiago nahas dezakeelako bihotzak.
Liburuko pertsonaiak
Booktrailerra
Egileaz
Pasartetxo bat
—Zer dago Izuaren Pasabidean? Esadazu hori behintzat.
—Izuaren Pasabide guztiak desberdinak dira. Beti dago beldurra, jakina. Beharbada, Xabinek leizeak aurkituko ditu, eraikin fantastikoak, denetariko lehiak. Beharbada, inoiz izan zen haurra, edo izan daitekeen gizona. Bere ametsen tontorra, edo ikara sarkorrenen putzua. Arimaren iturria, gau-oihua eta itsas-trumoia. Negarra. Azken garaipena? Auskalo!
—Eromena? Heriotza?
—Hori ere bai. Gerta liteke.
—Ez sartu hor Xabin. Mesedez. Gazteegia da.
—Xabin egokia da.
—Baina hil ere egin daiteke!
Audioliburua
Dagoeneko, badugu Izuaren Pasabidearen AUDIOLIBURUA: Aitor Renteriak irakurri du, musikaz lagundurik. Liburua gozatzeko edota entzumena lantzeko beste aukera bat. Audioliburuaren zatitxo bat entzun nahi baduzue, hemen duzue:
Atzeko azaleko zatia
Anais izua da. Ikara da. Eta mina. Kapa eta begi beltzak. Anaisek gaztea dirudi. Ez da. Laurehun urte daramatza tokiz toki. Bila. Aurrean jartzen zaizkion guztiak txikitzeko prest dago. Boterea du. Kontrola zaitzake. Zu.
Ni.
Edonor.
Anaisek ausart bat behar du. Suntsitzeko bada ere. Xabin aukeratzen du Izuaren Pasabidean sartzeko: su urdina, otso basatiak erasoan, sugetzarrak etsai. Basamortu huts amaigabeak eta odol turrustak. Baina Xabin ez da Anaisek espero duena. Are ausartagoa da. Eta desafiatu egingo du.
(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe istorioak)