Gaumin, 2015. Adina: 7tik aurrera. 60 or.
Prezioa: 13,50 euro
Sinopsia
Kai txakur berezia da. Txakurtokietan bizi da, txakurren herrian. Edo txak-herrian, nahiago baduzue. Arazo handi bat dauka. Kai gaixoa nahasirik dago azkenaldian. Ama artzain-txakurra du eta aita, berriz, ardi-txakurra. Eta bera? Berak ez daki ziur zer nahi duen! Artzain aritu? Ehiztari? Karramarroen olatu-dantzan jardun? Kaioak bezala hegan egin? Etenik gabe munduan zehar bidaiatu?
Kloro lagun eta txak-sikologoak lagunduko dio Kairi burua argitzen eta zoriontasunaren bide anizkoitzak aurkitzen. Zergatik mugatu bide bakar batera?
Nor da Kai?
Kai txakur mestizoa da, jostaria eta bihurria. Unibertsoko txoko guztietan ibiltzea gustatzen zaio, lagunekin ikasten, lekuak usaintzen eta hamaika bazter zeharkatzen lasterka… edo baita hegan ere, Kloro lagunaren txak-hegazkinean!
Nortzuk dira Kairen lagunak?
Kaik oso gustuko du bidaiak egitea, halakoetan lagun pilo bat egiten duelako. Liburu honetan, Kairen lagun batzuk ezagutuko ditugu. Adibidez, Beltxa euskal artzaina. Beltxarentzat gozamen hutsa da ardi kakatan bainatzea.
Lor ehiza-txakurra ere ezagutuko dugu. Mendian lasterka eta ehizan ibiltzea du gogokoen Lorrek!
Baina guztietatik bereziena. Kairen lagunik lagunena, Kloro da. Txak-psikologoa eta ia modeloa.
Ikusi zer betaurreko eder dituen! Eta bere txak-hegazkin zoragarria? Segituan ezagutuko duzue. Klorok lagunduko dio Kairi bere buruko korapiloa askatzen. Eta abenturaz abentura ibiltzen!
Kai, txakur bidaiaria: haurren heziketa
“Kai, txakur bidaiaria” liburua sortzeko ideia bere txakurrarekin hizketan ari zela etorri omen zitzaion Fernando Morillori. Txakurrak kontatu zionez, txakurrak bezain nahasirik egoten dira haurrak helduen mundu zentzugabea ulertu nahian. Hala, Kai protagonistaren bidez, pista batzuk emango zaizkio gaztetxoei, mundu xelebre eta burugabe hori hobeto ulertzen laguntzeko.
Lehen ale honetan, Kaik bere burua aurkeztuko digu: Txakurtokieta herria agertzen da eta, nola ez, Kairen lagunak. Ardatz garbia da: norberaren eta gizarteak ezarritako presioen arteko aldea. Kai mestizoa da. Batzuek artzain-txakurra izan behar duela adieraziko diote, ama hala zuelako; beste batzuek, berriz, ehiza-txakurra izan behar duela, aita ehiztaria zuelako.
Baina Kaik ez du garbi berak zer nahi duen. Hortik sortzen da bere zalantza eta istorioaren saltsa-hariak. Zer eskatzen diote besteek? Zer izan nahi du berak? Nola entzun behar bezala norberaren buruari?
Baliabide teknologikoak
Testu eta irudiez gain, gero eta garrantzi handiagoa dute gaur egun baliabide teknologikoek, are gehiago txikien unibertsoan. Kai, txakur bidaiaria liburuan leku berezia izango dute aukera horiek: QR-n bitartez, bideoak eta jokoak eskainiko ditugu, irakurle gazteek liburuarekin hartu-eman osoagoa izan dezaten.
Marrazkiak
Zer litzateke Kairen liburua Kairen irudirik gabe! Mikel Mendibil aritu da Kai modelo gisa hartzen eta haren mundua irudikatzen.
Hona hemen Mikelen hitzak Kairen unibertsoa sortzeko orduan egindako lanaz:
«Kairen liburuak haur baten moduan jolasteko parada eskeini dit. Txakurren jolasen arteko argazki saio batekin hasi zen lana. Argazki horien abiapuntuarekin, «collage» margotua izan da funtsean irudiak egiteko modua.
Alde batetik, Hezurtxo batzuk irudikatu nituen margo potoloaz ohol baten gainean. Erliebe horretan irudi bakoitzean behar nuen fondo arina «frotage» teknikaz sortu dut gehienetan; hau da, papera erliebe horren gainean paratu eta margo lehor batekin, beheko textura azaltzen da paperean.
Beste aldetik, liburuan QR kodeak agertu behar zirenez, irudiei ikutu berritzaileago bat gaineratzea otu zitzaidan: ilustrazioen zati batzuk pixelatu egin ditut, ondoren zenbait pixel lekuz mugituz eta okertuz. Teknika guztien baturak irudietan jolasaren freskura jasotzea izan du xede.»