Elkar argitaletxea, 2011.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 14-15etik 150 urte ingurura.
Multibidaiariak saila:
Denboraren eta espazioaren hesiak gaindituz, gure lagunek bidaia fantastikoak egingo dituzte gizateriaren historiaren aldi eta leku ezberdinetara, ordenagailu eta kristalezko kubo baten laguntzaz. Lagunekin nahiz etsaiekin egingo dute topo euren bidaia liluragarrietan.
Atzeko azaleko sinopsia:
K.a. 480. urtean, Termopiletako gudan, Leonidas erregeak eta 300 espartarrek, Xerses pertsiarraren armadari heriotzaraino aurre egin bazioten ere, greziarrei ezinezkoa izan zitzaien garaitzea. Edonola, Greziako herriaren izaera askeari esker iritsi dira guregana zibilizazio haren hainbat lorpen. Historiako pasarte erabakigarri horixe jasoko du eleberri honek.
Multibidaiariak sailari buruzko bideo labur bat:
Multibidaiariak
Bitxikeriak, kuriositateak, etab. elkarrizketan bilduak
–Bildumaz oro har hitz egiten ari garela, nori zuzendua daude liburu hauek eta irakurleak zer aurkitu dezake? Aurkezpen labur eta orokor bat.
Norentzat dira? Abentura, zientzia eta historia maite duen edonorentzat. Nire testu gehienetan bezala, erritmo bizia aurkituko du irakurleak, eta bilatzeko eta esperimentatzeko irrika. Kuttun ditudan garai eta kultura ugari islatzen saiatuko naiz: hainbeste une interesgarri ditugu historian! Grezia klasikoa, samuraien Japonia, Gurutzadak, Aztekak, historiaurreko misterioak, dinosauroen xarma, Txina eternoa, Troia erdi-mitologikoa, itsasoaren lilura, industrializazioaren itzalak, Frantziar iraultzaren garrasia… Horrelako batzuetan zehar nabigatuko dira pertsonaiak, ni neu, eta gurekin etorri nahi duten irakurle guztiak.
–Zientzia fikzioa eta historia uztartzera zerk bultzatu zaitu?
Goseak! Gogoak, ametsak, ilusioak… Zientzia eta historia oso gogoko elikagaiak izan ditut betidanik. Logikoa da biak ezkondu nahi izatea. Eta berdin beste hainbat gai interesgarri ere (hainbeste dira istorio batean agertzeko zain!): artea, zientzia, mitologia, psikologia, filosofia…
Horri guztiari fikzioa gehitzea, jakina, jolasean aritzeko aukera areagotzea da. Nik nahi ditudan uneak eta gaiak “dastatzeko” aukera… Pertsonaiekin batera bizitzeko modu bikaina da hori.
–Zer dela eta aukeratu dituzu bi garai eta egoera hauek?
Zaila ez zen izan bi horiek aukeratzea, beste hamaika zain uztea baizik.
Grezia klasikoa zergatik aukeratu dudan azaldu behar da? Garai izugarria da. Sinesgaitza. Zientzian, filosofian, historian, artean… A zer nolako pertsonaiak egon ziren orduan! Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta sinesgaitzagoa egiten zait haietariko asko benetakoak izan zitezkeenik. Fikzio bikain guztiak baino literarioagoak ziren haien biografiak, demontre.
Eta Japonia? Japonia exotismoa da, sotiltasuna eta bortizkeria, lorategi baketsuak eta arte martzialen diziplina berezia. Koktel zoragarria letraz koloreztatzeko. Betidanik erakarri izan naute samuraien kodeak, ninjen enigmak edo tearen zeremoniak. Ez da lehenbiziko aldia mundu hartara hurbiltzen naizela, ez da inola ere azkena izango.
–Bildumako liburuek badute bestelako informazio osagarria. Ekarpen honi buruz hitzegiguzu.
Nobela bat idazteko orduan, ez da komenigarria entziklopedia bihurtzea. Ez bailitzateke izango istorio bat (fikzioa, abentura!), beste zerbait baizik. Hala ere, zaila zen bildutako material guztia bazterrean uztea. Nobela hauetan, kontu interesgarri batzuk aipatzen ahalegindu naiz, greziarren eta japoniarren nortasunen ukituak eta xelebretasun distiratsuak. Baina kontatu bezainbeste (edo askoz gehiago!) utzi behar izan dut alboan aparkatuta. Glosario bat baino gehiago eta pertsonaien zerrenda ere sartu dugu, apur bat gehiago hurbiltzeko garaia eta doinua. Ea horrela are gehiago goza daitezkeen protagonistek biziko dituzten abenturak.
–Ikastetxeetan lantzeko liburu egokiak iruditzen zaizkizu?
Irakasleen eta ikasleen arabera, noski. Liburu hauetan, historia kutsu handiagoa dago nire beste liburu askotan baino. Hortaz, logikoa da pentsatzea historian erabili litekeela. Edo, beharbada, filosofian, edo etikan. Dena dela, esan bezala, liburu hauek ez ditut “akademiko” ikusten, inondik inora, “abenturiko” baizik.
Lehoien dantza. Grezia: jolasa eta odola
–Kokatu gaitzazu garaian eta lekuan.
Grezia klasikoan, hainbat garai eta une aukeratu nahi nituen… baina bakarra hartu behar. Periklesen Atenas da, ziur asko, ezagunena: orduantxe loratu zien indartsuen artea, filosofia, zientzia… Baina Perikles gaztetxoa zeneko garaian errotu ziren ondoren bikainak izan ziren pertsonalitateak eta izaerak. Horregatik aukeratu nituen Termopilas eta Salaminako pasarteak. Greziarrek dena zuten aurka: pertsiarrek zapaldu egin behar zituzten, ia dudarik gabe… eta hala ere aurre egin. Eta miraria gertatu. Arrazoiz eta kemenez jantziriko miraria. Mirari greziarra. Horra nire aukera.
–Zerk liluratu zaitu Grezia klasikotik?
Energia, dantza, jolas egiteko gogoa, baita patuak kolore beltza zuenean ere. Greziarrak izugarriak ziren, erraldoiak, ohiz kanpokoak, bakanak. Zenbat energia desberdin, zenbat gaitasun eta erokeria sortu eta piztu zituzten! Bizitzeko irrika berdingabea zuten. Neurtu ezina eta kolosala. Oraindik ere, urtetxo batzuk-batzuk igaro eta gero, kutsatzen eta hunkitzen gaituena.
Heriotzaren soinekoa. Japonia: ezpata, ispilua eta harribitxia
–Kokatu gaitzazu garaian eta lekuan.
Japonian gerra giroa zegoen nobelako garaia baino lehenxeago. Jauntxoen arteko liskarrak etengabeak ziren. Borroka erraldoi baten ondoren, Japoniaren batasuna abiatu zen. Horrek bakea ekarri zuen… eta baita gerraz bizi ziren askoren kezka. Nagusirik gabeko samuraiak, denetariko artistak eta artisauak, erlijiosoak eta monjeak, ninjak… Pertsonaia eta tentsio bitxiz eta anitzez beteriko mosaiko dinamikoa.
–Zerk erakarri zaitu Japoniako garai jakin horretatik?
Kontrastez josiriko koadroa: bortizkeriarik basatienaren barruan, arte hutsa. Filosofia hutsa. Odol eta urraduren artean, fintasunik bikainena. Japoniaren musika beste planeta batekoa da (beti izan da). Musika hori entzutea maite dut. Eta irakurleei hurbildu nahi nien.
–Eskarmentu handia duzu gaztetxoentzat idazten. Zeintzuk dira arrakastaren giltzak?
Hiru hitzetan esanda: ilusioa, egoskorkeria eta zortea. Zeure ametsei eusteko ilusioa, abenturaren ilusioa, magiaren ilusioa. Beste alde batetik, behin eta berriro eta etengabean ikasteko egoskorkeria, aldapa gogortzen denean, uste baino zailagoa edo garratzagoa denean, jarraitzeko egoskorkeria. Eta azkenik, noski, zortea. Nahi dudana egin ahal izateko zortea. Baten batzuei nire istorioak eta keriak gustatzearen zortea. Dena zaila izan arren, eta behar baino zoratuago egon arren (edo beharbada horrexegatik hain zuzen), pozik bizitzearen zortea. Horra sekretuaren sekretua.
Multibidaiariak sailaren aurkezpenari buruzko informazioa, Nerea Azurmendi