Ibaizabal argitaletxea, 2008.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 12-14tik 150 urte ingurura.
(2009an Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Sarian finalista izan zen)
Sinopsia
Haritzek garbi dauka: gaztea izatea lanbide krudela da. Zergatik da dena hain nahasia? Eta zergatik ezkutatu nahi diote gurasoek elkar maite ez dutela?
Zorionez, Florentzia geratzen zaio. Han, osaba Karlos bizi da, apur bat jenioa, apur bat eroa eta oso gizon misteriotsua. Florentziako inguruetan, abentura guztietatik handiena biziko du Haritzek: Leonardo da Vinciren altxor sekretu bat, bahiketak, arkeologoak, maitasuna, borrokak, ezuste ikaragarri bat… eta, ai, baita heriotza ere.
Oier eta Amalur lagunen laguntzaz, Leonardoren hegoak ezagutuko ditu: bizitzaren irakaspenik ederrena. Eta latzena.
Nire iruzkina, bitxikeriak, kuriositateak
Badira bizi diren pertsonak, eta badira iraun baino egiten ez dutenak. Are hobea: badira pertsona batzuk IZUGARRI bizi direnak, hainbeste, ingurukoak «kutsatzen» baitituzte bizitasun horretaz. Horietariko bat Leonardo da Vinci handia izan zen. Hari buruzko biografia bat idatzi nuenean, espero ez nituen altxor asko aurkitu nituen. Altxor filosofikoak, artistikoak, gastronomikoak eta baita umorezkoak ere.
Liburu hau gure garaian gertatzen da, eta, ondorioz, ez da Leonardo azaltzen zuzenean. Baina bai espirituz, doinuz eta musikaz. Leonardoren bizitasuna eransten ahalegindu naiz.
Haritz da liburuko protagonista. 15 urte dauzka. Adin konfliktiboa, nahasia eta mingarria. Gurasoak etengabeko borrokan ikusten ditu, eta ez dauka batere garbi zer demontre nahi duen berak, eta askoz gutxiago zertarako gauza den.
Haren aurrean, Oier eta Karlos osaba egongo dira. Oier adin bereko laguna du, animosoa eta bizia… gaixotasun madarikatu batek jota dagoen arren. Karlos osaba, berriz, jenioa eta xelebrea da. Florentzian bizi da, artisten eta abenturazaleen ametsen artean. Hara joango da Haritz: Florentziara. Ustez, egun batzuk igarotzera, apur bat lasaitzera. Baita zera ere! Florentzian, inoiz bizi izan duen abenturarik handiena egokituko zaio. Beharbada, egon daitekeen abentura guztietatik handiena: bere buruaren konkista abiatzea.
Zientzia, artea, historia… eta maitasuna
Florentzian denetarik aurki dezakezue. Galileoren zientzia, Makiaveloren politika, Michelangeloren indarra eta, nola ez, Leonardoren irrika. Haritzek, horretaz gain, iragana ere aurkituko du: txikitako lagun berezi bat, florentziarra, eta bere lehen neska-laguna izandakoa. Bihotzaren txinparta eta zama. Neska Amalur deitzen da, eta orain badu bikotekidea: Francesco izeneko italiar jeloskor bat. Zer egin dezake Haritzek? Zer egin nahi du? Ez da samurra bihotzaren eta buruaren artean aukeratzea. Zergatik aukeratu behar da? Ezin al dira biak uztartu? Haritzi ez zaio batere erraza izango (nori bai?) sentimendu horiek guztiak lantzea, bizitzea eta pitin bat argitzea. Edo ahalegintzea behintzat.
Hainbat abentura eta saltsa alai eta tristeren artean, protagonistak adiskidetasunaren balio aparta ezagutuko du, eta beti eta beti begiratu beharko litzatekeen moduan begiratzen. Eta ikusten. Eta irribarreak eta saminak, bidearen pozak eta negarrak. Horren guztiaren ordaina, ordea, ez da merkea izaten. Inoiz ez. Ai, bizitza!
Liburuan, Florentziaz gain, Donostia ere azaltzen da, eta baita zientzialari eta artista bitxi eta interesgarri askoren pasadizoak (Paul Erdös matematikari xelebre eta erakargarria, Niels Böhr fisikari bitxia eta maitagarria…), ekintza barra-barra eta Leonardoren mezua zirrikitu guztietatik. Argi, Leonardoren mezua ez baitzen batere kaskarra. Merezi du ezagutzea. Ezagutu egin behar da! Liburua irakurtzen baduzue, esango didazue. Ni behintzat denak ematen ahalegindu naiz.
Horrelako pertsona eta pertsonaia biziak, bizigarriak eta bizizaleak maite ditut. Zer izango litzateke hau guztiau haiek gabe! Badira, zorionez. Han edo hemen, badira. Ez etsi eta saiatu aurkitzen!
Tonua
Abenturazko liburua da. Baina baita sentimentala eta iniziaziozkoa edo. Protagonistak galdera ugari egiten dizkio bere buruari, abenturaz abentura dabilen bitartean. Beraz, bizitasunaren eta barne-gogoeten arteko oreka gordetzen saiatu naiz (beno, beti bezala!).
Oro har, erritmo bizikoa dela esango nuke, eta zilegia bada horrela esatea, sentimendu bizikoa. Adiskidetasunaren aterpea. Azpimarratzen da asko (behar den bezala), eta horrek doinu alaia eta tristea erantsi dio aldi berean. Geratu zaion goibeltasun hori, hala ere, goibeltasun ona dela esango nuke. Bizitzak tristea izateko ohitura madarikatua dauka, baina guk merezi duen tristetasuna bihur dezakegu iluntasun hori. Ez da gutxi.
Edizioa
Aipatzekoa da bilduma berri batean aterako dela liburua. Edo, hobeto esanda, bilduma klasiko baten formatu berri batean. Tamaina handixeagoa da aurrekoak baino (esate baterako, Iratiko sorgin basatia edo Dorretxe zaharreko misterioa liburuen formatua baino), eta, nire ustez, ederragoa eta egokiagoa.
Ima Mendiola marrazkilariaren irudian garbi ikusten da Leonardoren «Vitrubioren gizona» eta Leonardok berak diseinatutako hegoen arteko sinbiosia. Eta, hondoari erreparatzen badiozue, Florentziako Ponte Vecchio (Zubi Zaharra) ikusiko duzue, nobelan leku polita daukana). Azal indartsua eta ederra iruditzen zait!