Gaumin (2011). Adina: 7tik aurrera. 80 or.
Liburuaren hasiera
Liburuaren fitxa
Prezioa: 13,50 euro
Gida pedagogikoa DOAN lortzeko, idatzi niri zuzenean (fernandomorillo2@gmail.com).
Sinopsia
Marko panpinari eskuin begia falta zaio, eta uste du horregatik baztertu duela Ezti lagunak, gurasoek txakurtxo bat ekarri diotenean. Marko falta zaion begiaren bila aterako da, bere trapuzko bihotzaren laguntzarekin, eta lagun izugarriak egingo ditu bidean: Toka dortoka, Ilargi dama edo Txeru arranokumea. Inoizko abenturarik handiena biziko du… eta inoiz pentsatu ez zuen altxor ezkutua aurkituko!
– Ilargi dama, eskuineko begi bat behar dut.
– Baina baduzu begi bat -ohartarazi zion Ilargiak.
Markok ez zekien dama zuri eta liluragarri hura txantxetan ari zitzaion.
– Bai, baina begi bakar batez ez dut ondo ikusten! -adierazi zion Markok xuxurla eginez.
– Ziur?
Berezitasunak
Marko panpinarentzat, mundua toki konplexua da. Esate baterako, zaila egiten zaio jelosia edo sentimenduak ondo maneiatzea. Markoren eskutik, irakurle gaztetxoak funtsezko euskarri batzuk bereganatuko ditu: nola egin aurre beldurrari, bakardadeari, ezezagunari edo benetako lagun bat galtzeari.
Mugatzen gaituzten kateak hobeto ezagutzen eta gainditzen ikasiko du Markok, eta sentimenduak nola ulertu eta nola aberastu, lagun zahar eta berrien alboan.
Nire iruzkina eta zenbait kontu
Edizioa aipatu nahi dut hasteko… seguruenez oraingoan barru-barrutik zaindu ahal izan dudalako. Oso hurbileko lagunekin erabakitzen hitzak eta marrazkiak nola eta non jarri, erabakitzen zer egin zitekeen istorio politagoa lortzeko, indartsuagoa, adierazgarriagoa.
Detaile txikiak dira, baina horietan dago sekretuaren sekretua! Istorioa ez baita hitzez bakarrik osatzen. Istorioak jantzi asko ditu, koloreak, doinuak, usainak…
Usainak ezin izan ditugu sartu oraingoan, baina koloreak nahi adina. Markoren hitzak laranjaz margoturik daude, haren ile koloreaz. Panpinaren lagun baten hitzak berdeak dira, beste batenak zeru-urdinak, edo marroiak, edo Ilargi damarenak, esate baterako gau-moreak.
Letren tamainekin ere egin dugu jolas. Letrak bolumenaren arabera hazten edo txikitzen dira.
Edo orientazioa: Toka dortokak hitz egiten duenean hankaz gora dago. Haren hitzak ere bai: hankaz gora daude.
Detailetxoak. Baina irakurlearentzat (batik bat irakurle txikiarentzat) amuak eta gozokiak izan daitezkeelakoan jarri ditut.
Bitxikeriak
«Marko panpinak trapuzko amets» liburuaren jaiotzea luzea izan da.
Nire eremu «nagusia» gazte literatura zen. Nerabeen mundua, abentura, misterioa, zientzia, artea… Banituen zirriborro «gazteagoak», baina ez nintzen eroso sentitzen. Aurreko ahalegin batzuekin ez nuen lortu nahi nuen doinua. Ezta hurbildu ere. Aparkatuta utzi nituen.
Markorekin poliki joan nintzen. Lehen zirriborroak urte batzuk ditu. Duela pare bat urte argitaratzear egon zen, Ibaizabal argitaletxearekin… baina azkenean atzera egin nuen.
Berriro hartu nuen testua, goitik behera garbitu, margotu, eraldatu… Eta orain bai. Orain barruak aurrera egiteko esan zidan. Eta nik aurrera.
Marrazkiak
Nire aurreko liburu batzuetan baziren irudi indartsuak (Iñaki Holgadoren azalak «Multibidaiariak» sailean; Juan Luis Landaren azala «Egun beltzetan, jolas beltzak» liburuan…).
«Marko panpinak trapuzko amets» liburuan gehiago behar zen. Horrelako liburu batean, funts-funtsezkoak dira irudiak. Azpeitiko artista gazte batek egin ditu: Iban Izagirrek (hemen duzue haren blog-a). Irudi biziak eta zirraragarriak lortu ditu, indarrez beteak. Bete betean asmatu zuen Markorekin eta haren lagunekin. Zorionekoa liburua!
Era horrelako lan ugari egiten jarrai dezakeen Ibanek.
Zer aurkitu nahi nuen? Zer aurkitu dut?
Istorio honekin magia samurraren bila aritu naiz. Betiko kondairen eta fabulen magia. Txikientzat eta handientzat. Oso gogoko ditut testu makabroak, beltzak eta umoristikoak (laster ikusiko duzue :-)), baina hemen lañotasunera jo nahi nuen.
Idaztean, testuak berak ere zu idazten zaitu. Horra beste era bateko magia: istorioarekin batera aldatzen da egilea. Eta testu honek zenbait gauza erakutsi dizkit. Esate baterako, zenbat eta «gazteago» idatzi, orduan eta zailagoa egiten zaidala. Erantzukizuna, tonua, ametsak… desberdinak direlako. Guztiz serioak. Inork ez du Markok baino serioago egiten amets! Eta hori testuan antzeman behar zen.
Gustura aritu naiz. Oso. Horrelako abentura gehiago egitea espero dut… eta zuen gustukoak baldin badira, askoz hobeto!