Elkar, 2000.
Irakurtzeko adin egokiena: 14-15 urtetik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Garai batean dena berria da gure bizitzan, bigaren aldiz jaioko bagina bezela. Eta misteriorik ilunena, mila buruhauste eman arren deskubritzeko irrikarik handiena sortzen diguna: sexua.
Hamabost urte ditu Asierrek, eta bere bizitza nahasmen osoa da: Nagore gustatzen zaio, hamasei urteko neska bat, baina ez da ausartzen hitzerdirik esaten ere; gero Clare etorriko da Ameriketatik, edertasunezko miraria dirudiena; eta bere arreba Zuriñe dago, eta bere adiskide Txomin…
Umorez eta sentiberatasunez beteriko istorio bat duzu esku artean, gazteentzako nobela askotako topikoetatik haratago sinesgarritasuna eta emozioa uztartzen dituena, eta bere elkarrizketa ugari eta arinei esker ziztu batean irakurriko duzuna.
Nire iruzkina
Nire bigarren liburua izan zen. Umore gordinxeagoa dauka aurrekoak baino. «Maskulinoagoa» da, nolabait esateko.
Sexu egunsentiak liburuan elkarrizketa da nagusi. Hitz eginez aitortuko dizkiote elkarri pertsonaiek zer-nolako arazo eta zalantzak dituzten. Hitz eginez egingo dute aurrera, han eta hemen azalduko zaizkien abentura katramilatsua eta nahasgarrietan.
Sexu hitza dago tituluan, baina sentimenduak dira, beste ezer baino gehiago, protagonisten artean aztertuko dena. Sentimenduak ulertu eta onartzeko bidean ikasiko baitituzte ikasi beharrekoak. Lagunen arteko sentimenduak. Anaia-arreben arteko sentimenduak. Nesken eta mutilen arteko sentimenduak.
Badut liburu horretaz harro egoteko beste arrazoi bat: nire lagun batek bi liburu baino ez ditu irakurri bizitza osoan… eta Sexu egunsentiak da bat. Asko gustatu omen zitzaion. Ulertzekoa den moduan, poz ederra hartu nuen neuk ere!