Adina: 13tik aurrera. 144 or.
Gaiak: eskola-jazarpena, bullying-a, adiskidetasuna, heziketa, bazterketa, desberdina izatea.
Liburuaren fitxa.
Liburuaren hasiera.
Prezioa: 13,50 euro
Audioliburu osoa edo Irakurketa Gida lortzeko (doan), idatzi niri zuzenean lotsarik gabe (fernandomorillo2@gmail.com).
Gaumin (2014).
Elkarrizketa liburuari buruz (pdf formatuan)
Sinopsia
Herri oso bat behar da haur bat hezteko (afrikar esaera zaharra).
Iriaren hirugarren ikastetxea. Ezagunak zaizkio eskolako zauri ezkutuak, eta neska urduri dago. Oharkabean pasatzen saiatuko da hasieran. Baina Unax izeneko mutil berezi eta markatua ere hasiberria da, eta koska krudel bat aurkituko dute berehala: Nora eta Martxel neba-arrebak, itxuraz ikastetxeko benetako jaun eta jabe, eta ikasle bakoitzari mingarrien nola jo jakiten maisu. Iria eta Unax izango dituzte jo-muga nagusietako bat.
Ikasle, irakasle eta gurasoen hamaika ardura, eztabaida eta ahalegin, egoera latzari buelta eman ahal izateko, adiskide, sentimendu eta ezustez beteriko trama ia poliziako batean.
Bullying-a edo eskola-jazarpena: beldurra ikastetxean
Eskolak ikasgunea behar luke, plazer eta motibazioz beteriko txokoa, bizitzak gero ekarriko dituen bideak ibiltzen ikasteko.
Sarritan, ez da.
Ikasle (eta irakasle!) ugariegirentzat, klasean bazterketaren eta ezinaren samina ikasten dute, eta mina isilean jasaten.
Nerabezaroa aldaketa garaia da. Orduan garatzen da nortasunaren alderik garrantzitsuenetakoa, eta horrexek bihurtzen du, ai, bereziki zaurgarria. Ikastetxea infernu txiki bat bilakatzeraino zenbaitetan.
Halakoetan, desberdina izatea ez da abantaila izan ohi. Aitzitik.
Jazarpena aztertzen duten psikologoen zerrendatan begiratzeak ileak lazten ditu: ezkutuko istripuak, erorketa tontoak, mehatxu sotilak, agresioak, basakeriak, txantxa iraingarriak, ausarkeriak, kolpeak, ziztadak, erredurak, hematomak, estropezuak, estortsioak…
Bakardadearen oihu ozenak eta barneko mamuak bazter guztietan. Min fisikoa eta, okerragoa dena, barnekoa. Iragarritako minaren aurretik dagoen beldurra, tortura bihurtzen dena. Betiere, zauri ezkutuak.
Gure aurpegiaren alderdi ilun hori islatzeko asmoa du istorioak, bere txikian. Profil desberdineko pertsonaiak eta egoerak irudikatu nahi izan ditut, egunero eskola-giroa ikusten eta bizitzen gabiltzan guztioi, izan ikasle, izan irakasle, guraso edo lagun, zer pentsatua emateko. Oinaze horri guztiari aurre nola egin diezaiokegun meditatzeko, eta ahal den neurrian desagerrarazten laguntzeko. Hala bedi.
Irudiak
Hemen ikusten dituzuen irudiak (liburukoak dira guztiak) Mikel Mendibilek egindakoak dira. Istorioaren tonuak eskatzen duten moduan, argi bezain ilunak. Iradokitzaileagoak, horrexegatik beragatik. Lan ederra Mikelena!
Kokapena: ai, beldurra
Ikastetxe bateko gela batean kokatzen da nobela. Arazodun gazteak daude klase horretan (hainbestetan bezala), eta gehienek dute zer ezkutatua, era batera edo bestera.
Kokapenik zehatzena, ziur asko, mina edo beldurra izan litezke. Beldurra nola biderkatzen den, kontrolatu ezin denean: ikasleena, irakasleena, gurasoena… Guztiek egin nahi dute zerbait, zaila, ordea, nola jakin zer den egokia.
Beste kokapen mota bat, akaso, gaiztakeriaren atzeko gaiztakeria litzateke. Hau da, gaiztakeriaen jatorrian, askotan, aurreko gaiztakeriaren bat gordetzen da. Horrek zaildu eta konplikatu egiten du korapilo oro askatzea.
Istorioaren «amuak»
Gazteek irakur dezaten, narrazio-hariak hurbil behar dituzte haiek. Iristen zaiela sentitu behar dute, protagonisten bizipenengatik, gaiagatik edota hizkeragatik.
Liburu honetan, pasio eta jardun gazteez harago, guztiok identifikatzen gaituzten bestelako «zeraren zera» madarikatu batzuk izango dira: zauriak, batik bat. Askotarikoak. Zeinahi ikastetxetan dira, tamalez, egoera latzak eta min egiten gozatzen dutenak. Edo min hori ikusi nahi ez dutenak. Edo besterik gabe ikusteko gauza ez direnak. Min horiek oihartzun egiten dute geure baitan, nahi baino hobeto ezagutzen ditugulako. Zoritxarrez.
Hizkuntzari berari dagokionez, ahalegin berezia dago testuan bi mutur (ezinbesteko baina gaitz) uztartzeko: euskararen zuzentasuna eta hurbiltasuna. Ahal bezain zuzena betiere, eta aldi berean ahal bezain ulergarri eta hurbila gazteentzat.
Hala izango ahal da!
Fernando Morillori elkarrizketa Zauri ezkutuak liburuari buruz
Gaumin Argitaletxean bilduma berri bati ekin diogu azken urteotan: “Bizigai, bizitzari heltzeko gaiak”. Biziak bizi gaitu, baina minez bizi ere gehiegitan. Horixe izango du ardatz istorio-sorta horrek. Bizirik sentitzeko, are bizirik bizitzeko, batzuetan eraman beharreko iluna. Bidearen zorigaitzeko malkarra, oinaze ozpina… eta saihesten hain zaila zaiguna. Min egiten duten eta diguten istorioak izango dira sarri. Esate baterako, lehenbiziko bi trama-erroak: minbizia eta eskola-jazarpena. Gai batere gozoak ez. Fernando Morillo idazleak ekin dio dema horri, eta galdera batzuk luzatu dizkiogu, hobeto azal diezagun liburu hauen nondik norakoa.
1- Azken urteotan gai “zailagoen” inguruan idazten hasi zara. Zergatik?
Urtetxo batzuk daramatzat euskal herriz herri, liburuez, istorio eta historiaz, zientziaz eta denetariko gaiez solasean. Hitz egiten, baina baita entzuten ere. Bereziki entzuten. Nola konta dezake idazle batek edozer belarriak itxita? Ezin!
Nire ohiko gaiak ateratzen dizkidatenean normala da batzuk errepikatzea: nonahi gordetzen diren denetariko mitoak, euskal kontuak, zientziaren jira-biran edo gure baitako borroka eta sentimenduekin korapiloka, adibidez. Hala ere, entzun behar horrekin, barruko “sokak” fintzen eta zorrozten aritzen naiz etengabe, eta musika desberdinak sortzen ahalegintzen naiz. Koloreei bestelako tonalitate bat ematen.
Zauri ezkutuak liburuan islatzen den moduan, eta zoritxarrez, ikastetxeak guda-leku izaten dira behar baino gehiagotan. Gazte pilo bat, amets-doinu pilo bat, behar korapilatu eta korapilatzaile pilo bat… eta eltze maltzur horren presioak gora egiten du errazegi. Eta mina puzten da. Eta zauriak ireki.
Errealitate ozpin horretan, sarritan iristen zaizkit eskaerak eta erreguak. Denetarikoak. Baina azken urteotan bereziki, gero eta gehiagotan eta gero eta estuago. Gure errealitateak, nonbait, kolpeka ari dira. Gai “sozial” batzuk gehixeago erabiltzeko premia dagoela aldarrikatzen didate. Eta esaten didate, adibidez, istorioen magiak lagundu dezakeela egoera gaizto batzuk lantzen eta arintzen.
Nolako gaiak? Imajinatuko dituzue. Belarriak apur bat zabaldu besterik ez da. Gutxieneko arreta jartzea aski. Kanpoko “arrazoia” baino harago, barruko ondorioa da latza: gaixotasuna, bakardadea, etsipena, nahasmena. Jazarpenak direla, immigrazioaren erronkak, denetariko biolentziak eta ezin-ulertuak… Horiek gogoan idatzi ditut azkenaldian, esate baterako, Zauri ezkutuak bera (eskola-jazarpenaren inguruan), Hiru istripu eta bi amodio (sexu-orientazioaz) edo Amets ameslari (minbiziaz).
2- Gai bat hautatu eta ti-ta etortzen zaizu horri dagokion istorioa?
Istorioek bizitza propioa dute. Alferrik da nik, egile gisa, edo egile izan arren, istorio batzuk “hutsetik” sortu nahi izatea. Nik neuk erabakitzea zer kontatu nahi dudan. Ezin da. Ezin dut. Istorioek ihes egiten dute orduan, ondo egin ere. Sormenak ez du horrela funtzionatzen. Ez nireak behintzat. Baina istorio horiek inguruan hasten zaizkizunean, xuxurlaka, garrasika, basa-dantzan eta mehatxuka, orduan bai. Orduan esan nahi du prest daudela. Burua atera nahi dutela, eta hor daudela aldarrikatu. Orduan nik hatzak astindu, eta hitz horien musika entzuteko prestatu behar dut. Gai “zailak” datoz azkenaldian. Ez da seinale gozoa. Ez da. Baina dramaren azpian istorio bikainak ezkutatzen dira sarri. Eta ni guztiak ezagutzeko irrikaz nago. Datozela ba, gai gautar horiek. Entzun dezagun oinazearen ahotsa. Minak min (ai), zauria sendatzen ahalegintzeko ezinbesteko pausoa da.
3- Zer jaso duzu irakurleen aldetik? Haien zauriak sendatzen asmatu duzu?
Irakurle gazteen mezuak jasotzen ohitua banengoen ere, azkenaldian, hasieran nire harridurarako, gero nire pozerako, gazteekin dabiltzanen aldetik, izan irakasle, guraso edo zaintzaile, eskerron-jarioa iristen ari zait. Gai “zailei” heldu izanagatik, gehienbat.
Halako gai ozpinak han-hemen ditugu, nonahi eta etengabe, guztiok ditugu hizpide, ahapeka bada ere, baina oro har ez dakigu ziur, itxuraz behintzat, haiei nola heldu, ez dakigu zer arraio osa daitekeen zauri horiek gozotzeko, gaiztotzen ez jarraitzeko, edo are hobeto, ireki ere egin ez daitezen.
Irakasle arduratu batzuk-batzuk antzera zebiltzan, egin nahian, probak, saiakerak, esperimentuak, eta niretzat larria bezain hunkigarria zen haien erreguak jasotzea. Lehenbizi, erreguak. Eskolak ez dira sekula paradisu izan. Ez da hori haien lana. Baina hortik beste muturrera lerratzea…
Irakasle batzuek garbitxo zeukaten, nonbait, eta nik kasu egin behar. Sutondoko kondairek beti izan dute halako lilura gizakiongan. Magia hori lagun, fikziozko istorio batek errazago sortzen du aitzakia gela batean, esaterako, esan-edo ezin direnak azaltzeko. Gai ilunak azaleratzeko eta argira ekartzeko. Denetariko minak prozesatzen hasteko.
Beraz, egin nezakeen apurra egiten saiatu nintzen. Airean zena entzun eta idazten, alegia. Eta badirudi, tarteka, lagungarri gertatu dela. Istorio horiei esker, zauri batzuk eztitzea lortu dela. Badago egiteko puska bat. Dudarik gabe. Baina bide latz horretan aurrerapausoren bat ematen lagundu izanaren poz txikia geratzen zait barruan.
Audioliburua lortzeko (debalde da), idatzi niri zuzenean eskatzeko (fernandomorillo2@gmail.com)
Komunikabideak, prentsa, sareko kontuak…
Liburuari buruz egin didaten elkarrizketa bat hemen.
‘Bullying’ kasuak ia hirukoiztu egin dira azken bost urteetan (bideoa, eitb)
(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe istorioak)