Txalaparta argitaletxea, 2008.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 14-15etik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Galderaz beteriko liburua duzu hau. Zure maiteari minbizia aurkituko baliote eta urtebeteko bizia eman, zer egingo zenuke? Edo, hobeto esanda, zer ez zenuke egingo?
Liburuaren protagonista, Bernat ikerlaria, ataka horretan dago. Iruri neska-laguna minbiziak jota dago, eta azken beltzera doa ezinbestean. Heriotzaren aurrean bi aukera ikusten ditu Bernatek: Iruriren alboan egon daiteke, eta hura zimeltzen ikusi; edo inoiz egin duen ikerkuntzarik harrigarrienean murgil daiteke, baina bikotekidearengandik urrun. Hala, bada, zientzia, artea eta fedearen mugak arakatuko ditu herio andereari iskin egiten saiatzeko.
Maitea salbatzearren, ordea, edozer egiteko prest egongo al da, baita hura galdu behar badu ere? Galderaz galdera eta aurkikuntzaz aurkikuntza, irakurleak narrazioan aurrera egingo du etsipenetik itxaropenerako aukera bakar horren xerka.
Nire iruzkina, bitxikeriak, kuriositateak
«Zure arimaren truke» nobela berezia da niretzat. Gloria Mundi liburuarekin gustura gelditu nintzen, eta bide hura (zientzia + thrillerra) gehiagotan probatzeko gogoa geratu zitzaidan. Oraingoan ere, orduan bezala, zientziaz jantzi dut nobela (termodinamika, neurozientzia, epigenetika…), baina beste hainbat kontu ere sartu ditut: poesia, mitologia, etika; eta, besteak beste, baita gai madarikatuena ere: heriotza.
Zer kontatzen da liburuan?
Istorioa, bi hitzetan, ezinezko borroka baten kronika da. Irabazi ezin den lehia, baina alboratu ezin dena.
Bernat da protagonista, zientzialaria, zientziazalea eta jenioa. Ikertzea maite du, baina are maiteagoa du Iruri, neska-laguna. Zoritxarrez, minbizi hilgarri bat aurkitu diote Iruriri eta zalantza izugarriak izango ditu Bernatek. Zer egin? Iruriren alboan egon, baina gaixotasuna ikertzeko denborarik gabe? Edo ikertu buru-belarri, baina maite duenarengandik urrun?
Pertsonaiak
Hirukia baino gehiago, nolabaiteko laukia osatzen dute hemen pertsonaiek:
– Bernat: protagonista nagusia. Hitz egin dugu hartaz.
– Iruri: neska-laguna. Labur definitu beharko balitz, ametsaren (igo nahi den tontorraren) sinboloa.
– Kike: Iruriren mutil ohia. Erakargarria eta zintzoa. Zalantza espiritualak hurbilduko dizkio Bernati.
– Maren: Bernaten lankidea. Harenganako erakarpen handia du Bernatek. Leialtasun, adiskidetasun eta grinaren irudia izango da.
Thrillerra den neurrian, arerioa, etsaia behar zen. 5. pertsonaia heriotza da. Zehazkiago, glioblastoma formaniztuna: minbizia. Hala, laukiaren gainean azaltzen den tontorra izan daiteke. Nobelak, beraz, nolabaiteko piramide egitura dauka.
Minbiziari dagokionez, gai serioa da oso. Dena dela, nobela honetan, nagusia ez da gaixotasuna bera: hemengo mezu nagusia ez da heriotzaren aurkako borrokari buruzkoa, bizitzaren alde egindako aldarria baizik… bizitza horrek eromenera bideratzeko arriskua badu ere. Jakina, bizitzeko hainbat modu baitago, eta, zoritxarrez, guztiak ez dira bateragarriak.
Nolako borroka?
Hainbatek ibili duten bideetatik kanpo murgilduko da Bernat, ezohiko bidezidorrak bilatzen hasteko. Bere buruarekin esperimentuak egitera eramango dute ezohiko bide horiek. Apurka, eta jardun horien ondorioz, zeharo aldatuz joango da protagonistaren gogo-gaitasuna… eta izaera. Zenbat ordaintzeko prest egongo da Iruri salbatzearen truke?
– Arima saldu beharko du, sinbolikoki bada ere? Axola zaio?
– Noraino iritsi gaitezke? Hain urrun al daukagu eromenaren ekaitza? Edo ez da eromena, ezinbestearen norakoa baizik?
Zalantza, grina, beldurra, jakin-gosea, bizitzaren intentsitatea, heriotzaren ezinbestea… Gai asko eta (nire ustez behintzat) interesgarriak eta esanguratsuak. Horiek guztiak ahalik eta egokien harilkatzen saiatu naiz. Orain, zuen txanda da. Esango didazue.
Biografia laburrak
Pertsonaia erakargarrien biografiak maite ditut (gustuak gustu, erakargarriak niretzat, jakina). Ideiak eta adorea ematen didate bizitza bereziki bizi bizi izan zutenen bizitzek (ulertzen da, ezta?), nik neuk bizi nahi dudan moduan bizitzeko. Hori kontuan izanda, normala nire liburuetan hainbeste aipamen eta pertsonaia zientifiko-filosofiko-literario-historiko azaltzea. Hari literario gisa hartzeko, eta baita neure bidean erabiltzeko eta ikasteko. Honakoan ere, Richard Feynman fisikariarengatik hasi eta Eskilo, Sofokles edo Euripides antzerkigile klasikoen ideietaraino azaltzen dira (tartean, Werner Heisenberg, Charles Darwin, Jean Baptiste Lamarck edoRobert Graves-en ideiak ere aurkituko dituzue, besteak beste).
Errealitatea oinarri
Azaltzen diren ikerketak eta teoria gehien-gehienak errealitatetik hartuak daude. Nik, jakina, komeni zitzaidan moduan tolestu ditut, hari narratiboaren mesedetan. Teoriak aipatu egiten dira, iradoki eta marraztu. Horrela, baten bati interesgarria iruditzen bazaio zientzia-zatiren bat, jakin dezala oinarri errealak dituela.
Jakin-mina piztu nahi nuen. Irakurleei beste gai batzuk ere erakustea. Haiek sakondu nahi izanez gero, noski, beste norabait jo beharko duzue. Baina hori da helburuetariko bat: akuilu izatea. Zizka-mizka edo.
Tonua
Thrillerra ere baden aldetik, nobela bizia nahi nuen. Bizia erritmoari dagokionez, eta baita bizitzari buruzkoa izatea nahi nuelako. Horregatik, kapituluak laburrak dira. Esaldiak, beste hainbeste. Baina zer pentsatu dexente ematen duten gaiak azaltzen dira: harremanak, sentimenduak, bizitza, bakardadea…
Eta hara ezustea (orain arte ezohikoa zitzaidalako): jadanik bi irakurlek esan didate beren eguneroko arazoren bat ekarri dietela gogora nobelaren zati batzuek (berez papereko gaiarekin batere zerikusirik ez zeukaten arren, eta ezta elkarren artean ere). Arazoak eta minak hainbat kolorez azaltzen zaizkigu, baina funtsean uste baino antzekoagoak dira itxuraz!
Zer nahi nuen? Zer aurkitu dut?
Heriotza gai serioa da. Gainera, guztiok ezagutzen dugu norbait hortik igaro dena. Baina seriotasunaz gain, umorea ere nahi nuen, gogorrenean bada ere. Kontrajartzeko. Nobela honetan hortaz, bada umorea, pixka bat ezkutuan izan arren.
Eromena aztertu nahi nuen. Nahimena eta iritsi nahia. Nora, ordea? Gure bidean, norabait iristeko irrika izaten dugu, askotan nora ez dakigun arren. Eta horrexek bultzatzen gaitu aurrerantz (edozein «aurrerantz»). Grinak sutu egiten gaitu, baina aldi berean hoztu ere egiten gaitu beste alor askorekiko. Merezi al du alor batean sutzea, beste alor gehienak galtzen baditugu?
Oso gogoko ditut halako biografiak: sutan erretzen diren pertsonaiarenak (Stefan Zweig-ek bikain marraztu zituen horrelako asko). Merezi du min horrek, su horrek? Nik ez daukat dudarik. Eta liburuko Bernatek ere, gutxitxo.
Zer aurkitu dut? Nire barruko zenbait mamu. Zenbait beldur. Zenbait porrot eta zenbait garaipen. Ea beste norbaiti ere baliagarria zaion!
Edizioa
Liburu batean, garrantzi handia dauka azalak. Horri dagokionez, lan aparta egin dute Txalapartan. Zenbat esaten duen irudi horrek hain modu sinplean! Gauza gutxi ke-bihurriak bezain ederrak eta helezinak aldi berean: bizitza, gogoa, maitasuna… Ezin dira pisatu, baina ederki antzematen dugu, etengabe, haiek ezarritako zama eta gozoa.