Egun on, abenturazaleok!
Hemen Maddi 🙂
Nik lehen Axular idazlearen izena ezagutzen nuen. Eta euskararen historian inportantea izan zela. Orain, sorginen abenturari esker, berarekin egoteko aukera izan dut. Gizon bitxia! Tematia. Jakintsua. Bizia. Eta zekizkien hainbat kontu ezkutuan gorde behar izan zituenak… Sorginekin garbi ikusi genuen bezala.
Pedro Agerre Axular (1556-1644) euskal idazlerik miretsienetakoa da. Gero liburua idatzi zuen, euskal prosazko lehen liburu argitaratua, eta askoren ustez baita bikainena ere.
Jakinduria haaaaaandiko gizona zen. Urdazubin jaio, Salamancan filosofia ikasi eta Saran bizi izan zen, hango erretore. Badakizue zer den bitxia? Urdazubin, Salamancan eta Saran, hiruretan dira leize ospetsuak. Eta leizeak dira euskal mitoen gordeleku. Haietan daude kondairen izaki ugari: iratxoak, herensuge edo Mari bera, beste guztien jainkosa. Ofizialki, Axular idazle kristaua izan zen. Oso, gainera. Azken batean, Sara herriko erretorea zen. Baina, ai, ez ote zuen Axularrek leizeen eta herrien antzinako jakinduriatik uste baino gehiago edan, eta gustura edan ere? Gurekin batera jakingo duzue!