Urtetxo batzuk daramatzat euskal herriz herri, liburuez, istorio eta historiaz, zientziaz eta denetariko gaiez solasean. Hitz egiten, baina baita entzuten ere. Bereziki entzuten. Nola konta dezake idazle batek edozer belarriak itxita? Ezin!
Nire ohiko gaiak ateratzen dizkidatenean normala da batzuk errepikatzea: nonahi gordetzen diren denetariko mitoak, euskal kontuak, zientziaren jira-biran edo gure baitako borroka eta sentimenduekin korapiloka, adibidez. Hala ere, entzun behar horrekin, barruko “sokak” fintzen eta zorrozten aritzen naiz etengabe, eta musika desberdinak sortzen ahalegintzen naiz. Koloreei bestelako tonalitate bat ematen.
Zauri ezkutuak liburuan islatzen den moduan, eta zoritxarrez, ikastetxeak guda-leku izaten dira behar baino gehiagotan. Gazte pilo bat, amets-doinu pilo bat, behar korapilatu eta korapilatzaile pilo bat… eta eltze maltzur horren presioak gora egiten du errazegi. Eta mina puzten da. Eta zauriak ireki.
Errealitate ozpin horretan, sarritan iristen zaizkit eskaerak eta erreguak. Denetarikoak. Baina azken urteotan bereziki, gero eta gehiagotan eta gero eta estuago. Gure errealitateak, nonbait, kolpeka ari dira. Gai “sozial” batzuk gehixeago erabiltzeko premia dagoela aldarrikatzen didate. Eta esaten didate, adibidez, istorioen magiak lagundu dezakeela egoera gaizto batzuk lantzen eta arintzen.
Nolako gaiak? Imajinatuko dituzue. Belarriak apur bat zabaldu besterik ez da. Gutxieneko arreta jartzea aski. Kanpoko “arrazoia” baino harago, barruko ondorioa da latza: gaixotasuna, bakardadea, etsipena, nahasmena. Jazarpenak direla, immigrazioaren erronkak, denetariko biolentziak eta ezin-ulertuak… Horiek gogoan idatzi ditut azkenaldian, esate baterako, Zauri ezkutuak bera (eskola-jazarpenaren inguruan), Hiru istripu eta bi amodio (sexu-orientazioaz) edo Amets ameslari (minbiziaz).
Edonola ere, istorioek bizitza propioa dute. Alferrik da nik, egile gisa, edo egile izan arren, istorio batzuk “hutsetik” sortu nahi izatea. Nik neuk erabakitzea zer kontatu nahi dudan. Ezin da. Ezin dut. Istorioek ihes egiten dute orduan, ondo egin ere. Sormenak ez du horrela funtzionatzen. Ez nireak behintzat. Baina istorio horiek inguruan hasten zaizkizunean, xuxurlaka, garrasika, basa-dantzan eta mehatxuka, orduan bai. Orduan esan nahi du prest daudela. Burua atera nahi dutela, eta hor daudela aldarrikatu. Orduan nik hatzak astindu, eta hitz horien musika entzuteko prestatu behar dut. Gai “zailak” datoz azkenaldian. Ez da seinale gozoa. Ez da. Baina dramaren azpian istorio bikainak ezkutatzen dira sarri. Eta ni guztiak ezagutzeko irrikaz nago. Datozela ba, gai gautar horiek. Entzun dezagun oinazearen ahotsa. Minak min (ai), zauria sendatzen ahalegintzeko ezinbesteko pausoa da.