Sinopsia (Irakurketa Erraza formatuan)
Bizitza batzuk zailak dira sinesten.
Hain dira ausart, noble, umoretsu, nekaezinak,
existitu daitezkeenik ere ezin dugu ia sinetsi.
Baina hor dugu Ixtebe Pellot, azken kortsarioa.
Itsas-borroka etengabean, askotan hartu zuten preso.
Arriskuz arrisku, sekula etsi gabe, beti egin zuen ihes.
Musika eta dantza maite zituen, eta karkaraz erantzuten zion minari.
Begietara begiratzen zuen.
Horregatik maite zuten lagunek. Baita etsaiek ere!
Hemen kontatuko dena benetakoa da, sinesgaitza iruditu arren.
Prestatu. Norbait aparta ezagutzeko zorian zaude:
Ixtebe Pellot, Euskal Azeria.
Liburuaren fitxa
Argitaletxea: Gaumin
Urtea: 2016
Adina: 14tik aurrera
Orrialde kopurua: 72
Abiapuntua
Duela pare bat urte, Maddi eta euskal piratak idatzi nuen. Han, zenbait euskal pirata historikoren gorabeherak kontatu nituen, Maddi gaztearen ikuspegitik (eta Mikel Mendibil marrazkilariaren irudiekin). Euskal pirata (edo kortsario!) haien pasadizoak eta bizitzak ikertzean, liluratuta geratu nintzen. Bizitza oso gogorrak izan zituzten oro har, baina beti zituzten sobera umorea eta ausardia. Haietako pirata bakoitzak liburu mardul oso bat mereziko luke!
Orain Ixtebe Pellot hendaiarra hautatu dut haien artean, ia iritzira, guztiak baitziren elementu ederrak. Eta aukera izan dut kortsario handi eta gogor eta dibertigarri haren bizitza nobelatzeko. Irakurketa Erraza formatuan idatzita dago (Irakurketa Erraza zer den jakin nahi baduzue, hemen dago informazio zabalagoa).
Pellot
Pellotek sekulako abentura-sorta bizi izan zuen. Geldirik egon ezinda, 13 urterekin joan zen etxetik soldadu batzuekin. Hendaiarra izanik, berehala jaso zuen, ozen jaso ere, itsasoaren tentazioa. Eta kortsario hasi zen oso gaztetatik. Hamaika itsas-borroka izan zituen. Egundoko adorea zuen, egundoko saltoak egiten zituen (Napoleon bera zenbaitetan harritu zuen saltoka), eta ia-ia beti zegoen umore onez. Borroka ugari irabazi arren, galdu ere galdu zituen batzuk. Eta atxilotu egiten zuten. Eta horiexetan erakusten zuen Pellotek bere izaeraren distira handia. Behin eta berriro egiten zuen ihes, modu sinesgaitzetan gainera. “Euskal azeria” esan zioten, azeria bezain bizia eta harrapa-zaila zelako.
Liburu honetan aurkituko dituzue Pelloten abenturatako asko. Bere umorearen adibide ugari. Eta bere nobleziarena. Lagunen lagun aparta, etsaiak ere lagun bihurtzeko moduko gizona izan zen. Ale gogoangarria dudarik gabe!
Pellot historikoa eta Lord Byron
Maddiren liburua prestatzean, Pelloten datu ugari aurkitu nituen. Nobelatxo honetan, esanguratsuenak baino ezin izan ditut bildu. Izan ere, Pellot oso Pellot zen, eta pasadizoz betea du bizitza. Liburuan bere zenbait ihesaldi sinesgaitz kontatzen dira… baina askoz gehiago izan zituen. Fikzioaren mesedetan joskeraren bat edo beste egin badut ere, funtsean errealitatetik atera ditut idatzitakoak.
Nonbait irakurri izan dut Byron poetak “Kortsarioa” poema-liburua idatzi zuenean, Pellot zuela buruan neurri handi batean. Noski, nork bere opilari ikatza, eta ingelesek aho txikiz baino ez liokete hori kanpotar bati onartuko. Ez litzateke ordea batere harritzekoa Byronek oso hurbil sentitzea Pellot: kortsario noblea, jostaria, sarkastikoa, borrokazalea eta menderaezina. Lagunak eta arerioak konkistatzen zituena. Izan ere, poeta ingelesaren gaztaroan aritu izan baitzen “handien” Pellot, eta ingelesek aski ezagutzen zituzten euskaldun haren azerikeria etengabeak.
Pelloten irudiak
Jakina, ez da garai hartako argazkirik. Hala ere, badira Pelloten erretratu bakan batzuk, zahartzarokoak batik bat. Haiek inspirazio-gune osatu du Mikel Mendibil marrazkilariak hendaiar kortsarioaren nortasun fisikoa. Eta beste irudietan ere, aski garbi azaldu du Pelloten umorea, ironia eta presentzia. Marrazkiak ikustean Ruper Ordorikaren ahotsa etortzen zait belarrira, “Biba Pellot” esanez. Horixe bera: Biba Pellot!