Sorginetxe txokoa berez irailean «irekiko» bada ere, zenbait bideo eskegiz joan naiz jada. Denbora apur bat eskuratu ahala, gustatuko litzaidake (haietako batzuk behintzat!) hurbilxeagotik aztertu ahal izatea. Abbadiarena, esate baterako. Hauxe:
Antton Abbadia. Gizon asko izan zen gizona. Antton Abbadia handiari buruzko sarrera txikia da bideoa. Bidaiari bikain haren hanka-sartzeak, eskarmentuak eta irakaspen zoragarriak
«Antton Abbadia. Izaten ikasten, izar guztien gainetik». Horixe iruditzen zait Antton Abbadiaren txinpartarik ikusgarriena: nola saiatu zen, etengabe, izaten. Barruan zeramana izaten. Eta bidean eman zituen (eta erakutsi zizkigun) pauso zoragarri guztiak.
Makina bat bazter ibili zuen hamaika bidaiatan: Europa, Afrika… edota laurogei urte pasarekin baita Haiti ere, zertarako eta eklipse txiki bat ikusteko! Beti maite izan zituen izarrak eta zeruen xuxurlak.
Bidaiarik handiena, hala ere, eta dudarik gabe, bere baitakoa izan zen. Bere baitakoa eta baitaranzkoa.
Kontatzen da Antton txikia zela galdera etengabeak egiten zizkiola etxeko neskameari:
-Zer dago etxe haren atzean? -Antton txikiak.
-Erreka -neskameak.
-Eta errekaren atzean?
-Mendia.
-Eta mendiaren atzean? -tematzen zen Antton txikia-. Eta ondoren? Eta…?
-Nik zer dakit ba! -eteten zion neskameak, Anttonen galderak sekula amaituko ez zirela igarrita-. Beste herri bat, akaso. Edo itsasoa. Nori axola zaio?
-Niri! Niri axola zait. Egunen batean horien guztien atzean zer dagoen ikustera joango naiz. Baita izarren atzean zer dagoen ere!
Irudikatzeko modukoa neskamearen aurpegia, «beti txoriak buruan» edo halako zerbait sinetsita. Bai, txoriak, baina Leonardo da Vincirenak bezalakoak! Antton joan baitzen etxeen, erreken eta mendien bestaldera. Baita askoz harago ere, beti harago. Barrurantz egiten zuela ohartzeko.
Sekula ez zien beldurrik izan hanka-sartzeei, eta eskerrak. Bere bizitzaren bidaia hanka-sartzez hanka-sartze eginikoa baita. Ezagunenetakoa (txikia izanagatik, xarmagarria) gazteluaren sarreran Anttonek berak azpimarratzen duena da: «Ez ikusi, ez ikasi». Gaztelu osoa zulatu zuen… hain alferrik zulatu ere. Larrun mendiaren tontorra ikusi nahi zuen bere teleskopioaz. Argia, ordea, gaztelu-hormetako zulotzar bakoitzetik igarotzean, difraktatu egiten zen (zabaldu, nolabait), eta azkenean ezinezkoa zen ezer ikusterik (bideoan hobetoxeago azalduta dago). Baina Abbadia fisikazale amorratua zen, jakin behar zuen! Ohartu ez. Eta hanka-sartzea. Hortik berak bere buruari gazteluko sarreran harrian zizelkaturiko: «Ez ikusi, ez ikasi».
Bada beste esaldi bat Abbadia gazteluan Anttonen bizitza, asmoa eta irrika laburbiltzen dituena: «Izana eta ez izena». Horixe egin zuen Antton Abbadiak bizitza osoan, kinkili-kankala eta oztopo-moztopoka izan bazen ere: izaten saiatu. Munduko hanka-sartze guztiak egin behar bazituen ere!
(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe istorioak)