Hiru bat urte eman ditut nire leize-munduetan, ikasten, bilatzen, ametsak zizelkatzeko lanetan. Idazteko aukerarik gabe, periplo bitxia suertatu zait. Beti pentsatu nuen idatzi gabe arnasarik gabe baino okerrago egongo nintzela; ez da txantxa, eta are gutxiago figura literarioa, egia totala eta uholdetsua baizik.
Iraun dut, ordea. Eta existitzen zirenik ere espero ez nuen hainbat pasio-bide aurkitu ditut ezusteko bazter erdi-ilunetan, erdi-argietan. Izar-hautsetatik itxaropena eta batez ere kemena ernarazten diren barne-uneetan. Hainbeste harribitxi eta dema. Ez dago zer eferbeszenteagorik gauminean jaiotzea baino, haztea eta sortzea baino, sekula ez errenditzea baino. Otsoaren uluarekin bat, Ilargiaren irribarrea lagun.
Karga-karga eginda nator (ez mozkorturik gero!): bideoak barra-barra, bost liburu batera, zenbait harrikada-proiektu jadanik ooooso aurreraturik… eta garatuko direnak. Ikastetxeak, bidaiak, hezkuntza eta iraultza.
Diossss, ze gogo oihukatzeko. Ametsa eta bizitza. Itsasoa eta enbata. Zain diren erronka-bide guztiak.
Ongi etorri txinparten lurrera. Geratuz gero, kexurik ez: kiskali egingo zara bai edo bai. Baina ai, zure karkarak ez du parekorik izango.
Jauzi egiteko prest? Ba ez jarri erosoegi. Abiatzear gaude.
On egin!