Izenburua: Kili-kolore (Tafalla oinez)
Saila: Euskara erraTzean (Euskaraz motibatzen eta sor(gin)tzen)
Adina: 9-11tik aurrera.
Orrialde kopurua: 90 orrialde (210 x 148 mm).
Gaiak: desberdina izatea, aiton-amonen eta biloben harremana, familia, lagunak, Tafalla, bizitzaren oztopoak eta haiei aurre egitea, umorea, bakardadea.
Gaumin sormen-etxea, 2022.
Prezioa: 13,50 euro.
ISBNa: 978-84-121515-5-8.
Aurkezpentxoa
Ezusteko lagunak. Amona zoro bat.
Eta sua, odola, altxorrak eta umorea Tafallako bazterretan.
Zer egingo zenuke gehien maite duzunagatik?
Amonak garbi du. Baina ez dio inori kontatuko, amaierara arte.
Abentura zoro batean sartuko da Surya bilobarekin.
Surya bitxia da. Isila. Bakartia.
Suryak ez du lagunik nahi. Itxuraz. Baina lagunak egingo ditu.
Lagun onak.
Euskara erraTzean idatzia.
Jolasteko. Ulertzeko. Gozatzeko. Gozotzeko. “Gutzeko”.
2022an Tafallako ikastolak antolatzen du Nafarroa Oinez. Erdian Erein du leloa.
Suryak eta amonak ereingo dute. Zugan. Lagunengan. Guztiongan.
Eta berriro galdetuko diozu zeure buruari:
Zer egingo nuke gehien maite dudanagatik?
Eta erantzuna izango duzu.
Istorioaren nondik norakoa
Duela zazpi urte abiatu zen istorio hau… orduan jakin ezin banuen ere. Ez nik, ez Tafallako ikastolako lagunek ere.
Garai hartan, Tafallako Garces de los Fayos ikastolan izan nintzen. Duela gutxi, berriro itzuli nintzen, eta patuak eta magiaren hariek bat egin zuten.
Orduan konturatu gabe ereindako istorio zoragarria oraintxe jaio da. Bai bitxia halakoak nola sortzen diren bizitzea!
Ikastolako ikasle gaxteak lagun eta bidaide izan ditut, Rexu haien irakaslearekin batera. Tafalla herria erakutsi zidaten, eta beren zenbait sekretutxo.
Zerbait osatuko genuela erabaki genuen. Zer? Nola? Auskalo. Ez genekien. Baina bagenekien zerbait zetorrela. Zerbait ederra.
Eta bai etorri ere.
Zenbait datu esanguratsu (gehienak bikainak, bat oso tristea):
- Tafallako Ikastolak antolatzen du Nafarroa Oinez 2022an.
- Erdian Erein da leloa.
- Arte-ezkurra dute sinbolo gisa. Zerbait txikia, itxuraz, baina handia eta ikusgarria bilaka daitekeena.
- 2022ko udarak sute madarikatuak ekarri zituen bazter haietan (ere).
- Ikastolako ikasleak oso prest zeuden irudiak eta bestelako sormen-erokeria batzuk egiteko.
Zer bide, zer metafora sortu zitekeen, hura guztia abentura baten bitartez biltzeko?
Buruan eta bihotzean banuen pertsonaia bat bueltaka: amona Saratxo. Kili-kolorez betea. Ahul, baina ezin biziago aldi berean. Biloba laguntzeko edozertarako prest dagoena. Eta Tafalla errearen sinbolo izan zitekeena: lurra kiskal daiteke, eror daiteke, baina bizi-nahiak berriro loratuko du. Eta altxatuko da.
Kili-koloak kili-kolore bihurtuko dira.
Tafalla bezala. Gaztetxoak bezala. Ikastola bezala. Euskara bezala.
Hortik ere, berriro, ezkurraren irudi indartsua: hain txikia itxuraz, hain handia izanari eta ahalari dagokienez.
Liburu honen asmoa, bere txikian, oso handia da:
- Tafallako arimaren zatitxo bat eskaintzea.
- Ahal bezain ulergarria izatea euskal ikasle gaztetxoentzat. Euskara gozo-jatorrean, eta irakurterrazean. Euskara bultzatzeko, batzuetan bidea samurtu egin behar dugulako.
- Ahal bezain erakargarria izatea, aldi berean. Hamaika haritxo proposatzea, lerroetan eta lerro arteetan. Jolasteko, sentitzeko, emozionatzeko. Ereiteko. Hazteko. Izateko.
Esker mila eman behar, beste behin
Biziki eskertu nahi diet Tafallako Garces de los Fayos ikastolako lagun guztiei bizi izandako dena. Bereziki, Rexu irakasleari. Xora-xora eginda dagoelako, saltsa sortzaile petoa delako, halako asko behar ditugulako. Hainbat ideia eder eta etengabeko prestasuna eskaini dizkit.
“Benetako” hiru ikasleren izenak azaltzen dira liburuan: Surya, Laia eta Ekhi. Arrazoi desberdinengatik, hirurak izan dira berexiak istorioa sortzeko orduan. Esker mila zuei ere!
Eta, nola ez, parte hartu duten beste hainbat ikasle aipatu eta azpimarratu behar. Lan oso kolektiboa izan da, azken batean. Hementxe aurkituko duzue haien izen-zerrenda eta baita haiek egindako hainbat marrazki ere.