Erein argitaletxea, 2008.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 14-15etik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Gazteen errugabetasuna guztietan ankerrena izan daiteke. Giroa latza denean, are latzagoak dira jokabideak: egun beltzetan, jolas beltzak. Izan ere, bizitzak lepotik helduz gero, ez omen da aukera handirik. Edo bai?
Liburu honetako protagonistak gaztetako gudak ekartzen ditu gogora. Kanpo- eta barru-gudak. Gudaoste garaia du jolas-leku, eta, gaztaro guztietan bezala, ametsak eta komeriak dauzka elikagai: adiskideen liskarrak eta sexuaren tabuak, liderren xarma eta zaurien negarrak. Txoko ilun guztietatik, amorrua, nahasmena eta irrika. Egun beltzetan, jolasa beltz. Baina baita bizigarri ere.
Hala, jolasak jolas, bizitzaren xuxurla gordina entzun beharko du apurka. Eta ametsaren azkena.
Nire iruzkina, bitxikeriak, kuriositateak
Orain urte batzuk (uf, bederatzi, nola igarotzen den denbora!), Donostia Hiria saria eman zidaten, Gudaoste ametsak ipuinarengatik. Orri gutxiko ipuina bazen ere, lauzpabost istorio ukitzen zituen.
Duela bizpahiru urte, ipuin haren barruko istorioak eta hariak bueltaka hasi zitzaizkidan barruan. Hango pertsonaiek hitz egiten zidaten etengabe, eta, horrelakoak gertatzen direnean, nik behintzat ezin diot eutsi: atera egin behar dut. Idatzi. Ez neukan oso garbi zer irtengo zen egitasmo hartatik, eta zirriborroak garatuz joan nintzen, norako finkorik gabe, barruko goseak seinalaturiko leku guztietarantz.
Azkenean, hari haiek guztietatik, istorio nagusiago bat piztu zen. Eta liburu desberdin bat neukala ohartu nintzen. Desberdina nire besteekiko esan nahi dut. «Egun beltzetan, jolas beltzak» nire libururik diferenteena da. Ez hainbeste gaiagatik (niretzat ezohikoa hala ere), narrazioaren tonuagatik baizik.
Gudaoste bat aipatzen da, eta gudaoste horrek asko dauka gurean bizi izandakotik. Baina ez da. Nire asmoa ez da inola ere nobela historiko bat egitea, bizitzaren gordinari buruzkoa baizik. Liburuko pertsonaiek aurkituko dituzten ametsak eta beldurrak gutako askok eta askok aurkituko (eta aurkitu izan) ditugun bizipenen oso antzekoak izango dira. Kolorea aldatuta, beharbada, bestelako mozorro batez, beharbada, baina, funtsean, gure bideen antzekoak. Istorioaren sinesgarritasunari eman nahi izan diot erabateko lehentasuna, eta ez, berriro diot, koherentzia historikoari.
Zer kontatzen da liburuan?
Bizitza da istorioaren zirrikitu guztietatik sartu zaidana. Bizitza ulertu nahia. Haren alderdi labainkor guztiak barne.
Hasieratik dakiguna da narratzaileak bere gazte denborako kontuak ekartzen dizkigula. Baina narratzailea ez da jada gaztea, eta hori ahotsean antzematen zaio. Errugabetasuna galduz joan da, eta zinikoagoa eta zintzoagoa da orain. Ametsak urritu egin zaizkio.
Narratzaile hori da protagonista nagusia eta barruko istorio guztien enborra. Gainerako pertsonaia guztien sentimenduen lekuko azaltzen da. Haiek guztiak ulertzen saiatzen da, eta haien bitartez bere burua. Zer izan zen lehen, gaztetan? Zer ikasi zuen? Zer bizi?
Horrela, azterketa horretan, pertsonaia bat deskribatzen du narratzaileak hasierako kapitulu bakoitzean. Ondoren, apurka, elkarrekin harilkatuz joango dira guztien istorioak. Esate baterako:
– Ruiz jaunaren istorio txikia. Gerrak bete-betean jo du. Bakarrik utzi du, baina hala ere aurre egin nahiko dio goibeltasunari.
– “Beltza”. Liderra da. Denetik daki, agintzen batik bat. Oso izaera erakargarria dauka, eta eredu gisa daukate guztiek. Grinatsua bezain arriskutsua zenbaitetan.
– Marta. Buruarina edo bereziki argia? Mutilak maneiatzen ikasi du, nerabezaroan sentsualtasunak duen bortiztasun suhar eta kontrolagaitzari esker.
– Dani. Isila eta poeta. Ahoa irekitzea aski du, eta munduak beste kolore batzuk hartzen ditu berehala. Poesia ateratzen dio edozeri, baina dohain horrek hainbat inbidia eta arazo ekarriko dizkio.
– Martin. Naturalista eta adoretsua. Bizimodu zinez gogorra izan du, baina, itxuraz, beti dabil gogo onez, beti ausart, beti fidagarri. Abenturazale amorratua da, eta etengabe dauka buruan proposamen interesgarriren bat.
– Ana. Adin ertaineko emakumea. Bakarrik sentitzen da, eta harreman oso berezia izango du protagonistarekin. Bestelako sentimendu eta sentsazio batzuk irakatsiko dizkio, eta aldi berean ikasiko ditu berak ere.
Horien eta beste zenbait pertsonaiaren arteko adiskidetasunak, jelosiak, borrokak, algarak eta negarrak izango dira narrazioaren mamia. Idazlearen lana, beraz, pertsonaia interesgarri batzuk biltzea izan da, eta gero haien arteko eragin-trukeak margotzen saiatzea.
Tonua
Liburuko erritmoa lasaixeagoa da nire beste liburuetan ohikoa dena baino. Protagonistak gazte-kontuak kontatzen dituen arren, oso aspaldi utzi zuen nerabezaroa atzean. Horregatik, sakontasun eta patxada handiagoa eskatzen zidan ordenagailuko pantailaren beste aldetik, eta haren desioetara makurtu behar izan dut (gehienetan, narratzaileak erabakitzen baitu doinua, idazleak berak baino gehiago). Hainbat istorio intentsu aurkituko dituzue orriotan, adiskidetasunari, ametsei, minari, tabuei edota amorruari buruzkoak (horiek bai, ohikoagoak ditut).
Zer nahi nuen? Zer aurkitu dut?
Idaztean, irakurtzean bezala, barruko doinuren bati jarraitzen ahalegintzen naiz. Liburu honetan entzun dudan doinua asko gustatu zait. Doinu mingarria eta latza zen batzuetan, zirraraz betea beste batzuetan, baina beti, beti, bizia. Bizitza aurkitzen saiatu naiz pertsonaia horien bitartez. Haien mamuak eta beldurrak nire eginez. Haien ametsak eta duda-mudak ahalik eta gordinen ateraz.
Azken batean, pertsonaien moduan, lañotasuna galduz joan naiz neu ere, gehienon moduan: bizitzaren legea da. Horregatik, beharbada, orain arte gehien hurbildu zaizkidan pertsonaiak izan dira liburu honetakoak.
Idaztean entzun nuen musika oso barrura iritsi zitzaidan. Irakurleei beste hainbeste gertatuko ahal zaie!
Edizioa
Komikizale amorratua izan naiz betidanik. Imajinatu: liburuaren azala erakutsi zidatenean, begiak baloien moduan zabaldu zitzaizkidan, marrazki bizidunetan bezala. Izugarri gustatu zitzaidan! Nik ezagunak nituen Juan Luis Landa marrazkilariaren lan batzuk (sorginei buruzkoak bikainak iruditzen zaizkit), baina ez nuen espero inola ere haren marrazki bat aurkitzea nire liburu baten azalean! Sentsazio berezia (eta ederra) sorrarazi zidan ikusteak nik imajinatutako pasarte bat horrela irudikatua.