Ibaizabal, 2003.
Irakurtzeko adin-tarte egokiena: 14 urtetik 150 urte ingurura.
Sinopsia
Peñaflorida institutuko bedela hiltzen denean, inork espero ez zuen misterio bat agertzen da ezustean. Bedela ez zen guztiek uste zutena: adineko gizontxo atsegin eta, azken batean, normala. Bedelaren iraganean enigma ikaragarria ezkutatzen zen, II. Mundu Gerran murgilduriko Europa erdiko armada eta polizia atzetik segika ibili zitzaizkionetik. Donostian ezkutatu zen, izena eta itxura aldatuz, eta ihes egin ahal izan zuen. Orain, ordea, hil ondoren, bere benetako nortasuna zein den zabaltzen da, eta nazioarteko zenbait taldek (eta ez nolanahikoak!: CIAk, neonaziek…) bedelaren sekretua eskuratu nahiko dute nola edo hala.
Misterioaren haria ezustean topatu zuten Peñafloridako ikasleek —«Bihotz Nahasiak» liburuko protagonistak, besteak beste: Isusko kirolzalea, Iban hackerra, Nerea zuhurra, Maitane eroa, Mutante irakasle xelebrea…—, beraien arteko hika-mika eta nahaste-borrasteekin nahikoa izango ez balute bezala, bat-batean hamaika arrisku saihestu beharko dituzte, eta ez bakarrik bedelak utzitako enigma nahasgarria argitu ahal izateko. Beraien bizia arriskupean izango dute uneoro, imajina zitzaketen arerio indartsuenen aurka, eta asmamena eta adimena biziki astindu beharko dituzte osorik jarraitu ahal izateko. Ez gutxi!
Nire iruzkina, bitxikeriak eta kuriositateak
Bihotz nahasiak nobelaren bigarren zatia da (istorio osoak daude bi liburuotan, baina hango pertsonaia berberak azaltzen dira honetan).
Pertsonaia berberak, hortaz, baina beste abentura bat.
Nire gustuko zenbait gai biltzen ditu liburu honek: adiskidetasuna, zientzia, informatika, umorea, misterioa eta ekintza. Pertsonaia bakoitzak badu halako joera berezko bat: Isusko kirolzalea eta oldarra da; Iban lotsatixeagoa eta hackerra (pirata informatikoa); Nerea zuhurra eta isila; Maitane beste guztiak baino pixka bat zoroagoa eta, batzuetan, originalagoa; Mutantea, berriz, irakasle jenioa eta ondo xelebrea…
Horrelako zutabeekin, oso dibertigarria gertatu zitzaidan istorio bat osatzea, eta pertsonaia haien arteko saltsak sortzea.
Liburuan, Iban hackerrak dirutza ederra egina dauka, bere ziber-lanei esker, eta alokaturiko etxe zahar eta handi batean bizi da, Donostiako Aiete auzoan. Duela urte batzuk, inguru hartan nenbilela, abandonaturiko etxe zahar dexente ikusi ondoren, horixe bera pentsatu nuen: gustura egongo nintzela denboralditxo bat gain hartan, halako etxe erdi-zaharkitu batean, iraganeko oihartzunez josita baitzeuden.
Orain gutxi, ordea, berriro izan naiz Aieten: etxe zahar gehienak eraitsita daude, eta etxe berri pilo bat ari dira eraikitzen. Pena ederra hartu nuen. |
Zorionez, ikusi nuen, artean ere, nire gustuko etxe zahar haietarikoren bat edo beste:
Horrelako etxe batean biziko da Iban hackerra, zalantzarik gabe.
|
Liburuko pertsonaia berak dituen aurreko liburua (Bihotz nahasiak) gogokoa izan baduzue, liburu honekin ere ez zarete aspertuko, ziur.
Edota Izuaren Pasabidea (mutiko albino bat, neska ilun eta arriskutsu bat, izu guztiak elikatzen dituen pasabide beldurgarria, eta maitasunaren indarra… gozorako eta garratzerako). Liburu berriagoak izanik, badira haien audioliburuak eta bideo argigarriak, istorioa hobeto sakontzeko, edota gida pedagogikoak irakasleentzat, edo behar dituenarentzat. Ikusi nolakoak diren loturetan, eta dastatu. On egin! 🙂 |