Audioliburuak tarteka aipatzen dira han-hemen, baina esango nuke ez zaiela inola ere eskaintzen berez mereziko luketen garrantzia. Garrantzia, arrazoi ugarirengatik gainera.
Sarritan ez gara ohartzen zeinen erraz joaten zaizkigun orduak, hondar lehorra hatzen artean bezala. Edo inoizka ohartu bai, barru-minez, baina hain zaila zaigu loturik gaituen korapilo estua askatzea. Zerbait egiterik badugu? Ia beti 🙂 Apur batez entzun (edo irakurtzen) baduzue datorrena, denbora hobeto goxatzeko metodo bat jasoko duzue opari.
Audioliburuez ari naiz, noski, hori baita atalaren izena 🙂
Ni askotan nabil aurikularrak belarrian, jende askoren moduan. Baina normalean ez naiz musika entzuten aritzen, liburuak baizik. Beno, liburuak, artikuluak, blogak, ipuinak… denetariko informazioa. Eta pasieran egin dezaket, autoan nabilela edo jende-ilara luze batean noiz aurreratuko zain.
Sarrerako bideoan azaltzen dizuet apur bat audioliburu “arruntagoei” buruzko gauzatxo batzuk. Ahotsez eta mikrofonoaren aurrean grabatzen direnak, esan nahi dut. Behar dugun entzun-testua hala lortzerik badugu, primeran. Hainbat hobe! Oro har, ordea, ez da aukera hori egongo.
Horregatik, nahiz eta ni neu aritu ohiko (euskal) audioliburuak bultzatzen eta sortzen (garrantzitsua iruditzen zaidalako… eta ilusioa egiten didalako), nahiz eta horiek bultzatu, nioen, niri beste modua interesatzen zait askozaz gehiago: aurretik grabatua dagoen audioa ez, baizik eta nik noiznahi behar dudan beste edozein testu entzun ahal izatea. Askoz libreago bihurtzen gaitu horrek berehala!
Horretarako, bada “Balabolka” izeneko programa zoragarri bat. «Balabolka» errusieraz «hitzontzi» da. Zuk testua txertatzen diozu (Internetetik hartu duzuna, ikasten ari zaren apunteak, idatzi duzuna… Zernahi!), eta Balabolka programak irakurri egingo dizu, edo are hobea, audio-artxibo bihurtuko, zuk nahi duzunean entzuteko, nahi duzun moduan: telefonotik edo audioa entzuteko edozein gailutik, pasieran zabiltzala edo edonon itxaroren. Hamaika eta bi aukera.
Balabolka debaldeko programa da eta debaldeko ahots pilo bat du… Baina ez guztiak! Izan ere hor, txerrenaren putza!, «albo»-hizkuntzen koska madarikatua ageri zaigu. Euskal mundua txikia izanik, ai, ez gutxitan malkartsuagoa azaltzen zaigu malda.
Elhuyar taldean ari dira garatzen TTS deritzon mundua (Text-To-Speech, ingelesez; testuak ahots, euskaraz). Badute meritua. Elhuyar taldeko Igor Leturiak azaldu zizkidan gaiaren gaurko egoera eta nondik norakoak (bide batez, eskerrik asko!).
Adibidez, joan lotura honetara: http://tts.elhuyar.eus
Hor, Elhuyarrek eskainitako “adibidea” dago. Esaldi bat idatziz gero, programak euskaraz irakurtzen dizu (bi ahots aukeran).
Elhuyarren gunean bertan, beraien artikulu batzuk modu berean entzun ditzakezue, euskaraz. Hona horren adibidea (sakatu «Edukia entzun» botoitxoan):
http://aldizkaria.elhuyar.eus/albisteak/paleolitoko-behe-erliebeak-topatu-dituzte-aitzbita
Hala ere, lehen «koska» aipatu dut. «Koska», sistema hori, oraingoz, ezin baita aplikatu “Balabolka”-ren moduko programetan. Esaldiak entzun daitezke (audioa jaitsi ere bai), baina horixe: esaldika soilik. Oraingoz ez dago testu luzexeagoetarako erabiltzerik. Ea apurka lortzen den!
Edozein modutan, eta oraingoz euskaraz erabili ezin arren, ozen eta argi gomendatzen dizuet Balabolka. Nonahi eta noiznahi, zernahi entzuteko aukera… beste hizkuntza batzuetan bada ere. 🙁
Koskak koska, bizitza biziki aberasteko modu zoragarria iruditzen zait. Euskarari dagokionez, ez hartu pena handiegirik. Euskaraz ohiko audioliburuak goxatzen jarraituko dugu: ez da batere aukera makala eta askoz ahots ederragoa dute inondik ere! Bitartean, pausoka-pausoka iritsiko da bestea ere euskarara, zalantzarik gabe. Besoak zabalik hartuko dugu!
Loturak:
Balabolka-rena: http://www.cross-plus-a.com/es/balabolka.htm
Elhuyarrenak:
Zuek esaldiak sartzeko: http://tts.elhuyar.eus
Artikuluak euskaraz entzuteko adibidea: http://aldizkaria.elhuyar.eus/albisteak/paleolitoko-behe-erliebeak-topatu-dituzte-aitzbita
Hona audioliburu batzuen zatia entzungai (ahotsez grabatuak zuzenean, EUSKARAZ, ez inolako programaren bitartez!):
(Osorik nahi izanez gero, idatzi niri, «kontaktua» ataleko helbidera, eta loturak pasatuko dizkizuet, doan jaso ditzazuen)
(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe istorioak)