Euskal munduan zehar nabilela, etengabe entzuten ditut kexu berberak azkenaldi luzean: «material» gehiago behar genuke euskaraz, bidexkak, istorioak eta batez ere bideoak. Bideoak etengabe, bideoen unea omen delako. Eta euskal gazteek bideoak irensten dituzte, baina inoiz gutxitan euskaraz.
Ados. Mezua jasota. Ez da zaila ohartzea zenbateraino den egia eta zaurgarria. Zerbait egin nezakeen? Kexatzeari utzi eta horixe: egin. Ahal nuena. Asmatu, esperimentatu, salto egin. «Sorginetxe istorioak«, esate baterako. Hementxe aurkezten dizuedan proiektu pertsonala.
Zer da “Sorginetxe istorioak”?
“Sorginetxe istorioak”, funtsean, istorioen erreinua izango da (gaineko bideoetan gehixeago). Edonolako istorio, euskaraz eta bideoetan. Hementxe bilduko eta kontatuko ditut bazter orotan gordetzen diren eleak. Jasoak bezala asmatuak, kondairak bezala elkarrizketak, pasadizoak, pertsonaia historikoak edo teknologia kontuak. Irudimenak besarka edo aska dezakeen edozer.
Askotariko gaiak hartu ditut jada: mitologia, Antton Abbadia, euskal piratak, Albert Einstein, Marie Curie, Leonardo da Vinci, artea, animaliak, Irakurketa Erraza, audioliburuak edo sormen zuzena… Dena esperimentala, nolabait esatearren, ikaste prozesurako beharrezkoa. Bidean gehiago dira dagoeneko.
Zergatik behar diren euskal youtuberrak
Euskal mundua txikia dugu. Hori badakigu. Euskal irakurleekin bide luzea dago horrexegatik, eta oraindik ugaritsuago bihurtzeko dagoen txokoa da. Badago zer egiterik laguntzeko? Bai!
Zorionez beste aukera batzuk sortzen ari dira. Euskaldun askori kosta egiten zaio euskaraz irakurtzea… baina ez hitz egitea! Ez entzutea! Hiztunak baditugu behar (eta akaso maite!) adina, eta jaiotzen ari den mundu honek, bideoen mundu berri honek, kristoren aukera ematen du. Bizia da oso, bat batekoa, zuzena eta bereziki hurbila. Euskarak hori guztia badu jadanik. Aprobetxa dezagun! Interesgarria bezain dibertigarria izan liteke, eta nahiko premiazkoa dugu gainera.
«Euskararen mundua aspergarria da» (ezetz ba!!!!)
Hori da sarriegitan jasotzen dudan beste esaldi-labankada: «Euskararen mundua (kultura, izaera…) aspergarria da, zurruna, nekeza eta ondorioz zaila«. Eta barrenak mugitzen zaizkit. Min egiten didalako. Izan ere, euskaldunen beraien aldetik dator ez gutxitan.
Burua ezezka astindu dezakegu, noski. Zurruntasun osoz gainera! 🙂 Baina ezetz esatea ezer ez esatea da. Garbi dago aurrekoa zabaldu samar dagoen irudia dela. Ze gaizki «saldu» dugun geure burua erakarmenaren azokan!
Sorginetxen, esaten baino erakusten ahaleginduko naiz. Seriotasunez agertzen (edo akaso agertu behar) zaizkigun hainbaten beste aurpegia atera nahi nuke. Bazterrak nahasi irribarreari loturik, eta mozorroaren atzean, geure muinean eta bihotzean, gordea bezain bor-bor dagoen umorea erakutsi. Ikusten (edo ikusi nahi) ez den umorea. Umorea euskaraz eta euskararen umorea!
Hurbiltasuna aingura
Sekretua? Ez da sekreturik, giltzarria baizik: hurbiltasuna. Horixe da gazteek exijitzen duten gakoa (tira, gazteek eta guztiok!): hurbiltzeko ordainsaria hurbiltasuna baino ezin da izan. Hori da beraz beste helburuetako bat: sortzen dena sortzen dela, ahal bezain natural, ahal bezain egiazkoa. Akademizismoan erortzea erraza bezain hilgarria delako, gehiago euskararentzat.
Muga bakarra, teknikoa
Benetako muga bakarra teknikoa baino ez da. Ezer jakin gabe abiatu nintzen, eta apurka ari naiz ikasten lanak eskatzen dituen trebezia teknologikoak. Irudia, bideoa, soinua… Bideoen esparrua dominatu ahala joango naiz eransten formatu berriak. Esate baterako, dagoeneko hasi naiz kalean grabatzen eta zuzeneko istorioak sortzen. Hurrengo pauso bat elkarrizketak izango dira, eta laster jende gehiagoren parte-hartzea (egon adi, ze laguntzaileak apartak dira eta ederki goxatzeko moduko harrikadak izango dira).
Non izango dira istorioak?
Non aurkitu ahal izango dira istorioak? Oraingoz bi dira ontzi nagusiak: Youtubeko kanala (Sorginetxe istorioak) edo nire webgune hauxe bera (www.fernandomorillo.eu). Hor goiko laukitxoetan zehazten dira erraz zein beste sare sozialetan eskegiko diren bideo berriak, norbaitek hala beharko balitu ere (Facebook, Twitter edo Google+, oraingoz). Aukerak badira, hortaz, nahi duenarentzat.
Badatoz: bideo pila bat bidean
Sorginetxe aterpe txikia da, baina tamaina fisikoari dagokionez bakarrik. Imajinazioak elikatzen eta osatzen duenez, amets eta barru-musikaz hesirik gabea izango baita.
Dagoeneko bestelako ideia-sorta batzuk ari naiz garatzen, edo bideo-garatzen, hobeto esanda. Datozen asteotan joango dira jaiotzen mundura.
Eta horrela, «Sorginetxe istorioak« txokoa, mara-mara bezain su eztian, ari da jadanik forma hartzen. Eta orain belarriak zorroztu ditzakezue, izar uxoen txinparten altzoan, sutondo epel horretan xuxurlatuko baitira merezi duten elezahar, ipuin eta pasadizo distiratsu eta ilun guztiak. Entzuten haien isil-pausoak? Badatoz. Bagatoz.
Hemen dituzue mokadutxo batzuk, ahogozo.
Hemen, Bizkaia irratian egin zidaten elkarrizketa, «Sorginetxe istorioak» proiektuaz:
On egin!