Sarritan ibiltzen naiz eskolaz eskola, liburutegiz liburutegi, euskaltegiz euskaltegi.
Idazleontzat urrezko aukera da norberaren istorioek benetan sortutako eragina ezagutzeko eta, gainera, izan daitekeen iturri onenetik: irakurleengandik (zuengandik!) zuzenean.
Idazle gisa, niretzat bitxia izaten da nire barne-zatitxo bat beste baten begietan hautematea. Ikustea zure hitz batzuk iritsi zaizkiola. Bitxia, bortitza eta indartsua.
Gero eta gehiagotan, liburuez hitz egiteaz gain, ikasleen mugekin aritzen naiz «lanean». Haien (zuen!) sortzeko mugak, beldurrak edo lotsak gainditzeko mugak, bizitzeko mugak… Horixe hizpide, horrexetarako da bikaina literaturaren bihotza. Geure burua ezagutzeko, geure mugak hausteko eta gainditzeko. Horra ba, hitzaldien jarraibidea eta ardatz nagusia. Ikasleen barne-istorioak ateratzea, indartu ditzaten, indartu daitezen.
Horregatik maite dut hainbeste irakurleekin izatea. Haiekin, zuekin, bizitzaz eta bideez eta gizaki izateaz aritzeko. Literaturaren muinaz, azken batean.
(Hitzaldi batzuen-batzuen argazkiak ikusi nahi badituzue, sartu hemen)
Harira, ordea.
Nora jo hitzaldia antolatzeko?
Hona aukera batzuk:
Zuzenean niri idatzita: fernandomorillo2@gmail.com
Gaumin Argitaletxea: gauminhontza@gmail.com
Euskal Idazleen Elkartea: eie@idazleak.eus, tlf: 943276999
Zer dira hitzaldiak, zehaztuxeago?
Ikasteko modu ederra dira saioak, idazlearentzat nahiz irakurleentzat. Hori bai, zenbat buru, hainbat hitzaldi mota. Denetariko ekitaldiak sortzen dira. Funtsezkoena, esango nuke, literatura egitea da. Literatura bizitza da, sua, indarra, magia eta lilura. Horixe da idazle gisa dudan ardura: hitzaldia literatura bihurtzea. Literatura bizia egitea.
Idazle gisa, nire ardura istorio esanguratsu eta erakargarriak sortzea da. Saioetan ere, halako erantzukizuna izaten dut: ahal den neurrian, irakurleari lilura hori helaraztea.
Esate baterako:
Batzuetan, zenbait istorio kontatuko ditut. Beharbada, zergatik dudan idazteko beharra. Edo zein izan diren nire literatur-zutabeak edo gai nabarmenen atzeko gai ezkutuak. Edo nola bururatzen diren pertsonaien gorabeherak. Edo nola bizi dudan literatura, edo bizitza bera.
Zorionez, literatura ez baita noizbehinka liburu aspergarri bat irakurtzea edo are jasatea (zenbait ikasleri, tamalez, hala iruditzen zaien arren!). Askoontzat, literaturak eskaintzen duena hil ala biziko bidea da. Hori da erakutsi nahi nukeena!
Sarritan, irakurleen galdera-zaparrada bat izaten dut. Zergatik izenburu hori? Zergatik amaiera biribila edo irekia edo iluna edo…? Zergatik idatzi? Nola idatzi? Mina edo plazera? Gaua edo eguna?
Eta orduan, istorio bat osatzen ahaleginduko naiz galdera eta erantzun horiekin guztiekin. Sortzearen bizigarria gozatzeko.
Noiz edo noiz, egoera bitxiak eta ezohikoak sortzen dira. Gerta liteke egoera bera berezia izatea (ilunantzean eta kandelaz inguratua, esate baterako) edo irakurleek liburuaren zatiren bat antzeztea edo… irudimenak sor dezakeen edozer. Halakoetan, ederra da osagai horiek erabiltzea, imajinazioaren indarraz, eta istorio berri bat harilkatzea eta margotzea.
(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe istorioak)