Erraza dirudi esateak zer den Irakurketa Erraza. Ziur? Bideoa ikusi baduzue, badakizue ez dela (ez zaidala!) hain berehalakoa gertatu halako beharra zegoenik ohartzea. Ezinbestean eta zorionez (beharra baitago), gero eta egile gehiago ari dira hurbiltzen Irakurketa Errazaren esparrura. Hemen jarraian dituzue Gaumin argitaletxeak ateratako Irakurketa Errazako beste idazle batzuen liburuak. Ahal bezain pronto hasiko naiz haiei buruzko informazio eta bideo gehiago sortzen. Merezi du eta.
Informazio apur bat gehiago
(Galderak Arrate Diaz de Garayo-renak dira)
1. Zenbat denbora daramazu Irakurketa Errazan murgilduta eta nola ezagutu zenuen?
Irakurketa Errazaren atzetik nenbilen, hura existitzen zenik jakin aurretik ere! Horregatik, azalpen txiki bat eskatzen du erantzunak. Ia hogei urte daramatzat euskal literaturaren bideetan, idazten eta, neurri handi batean, herriz herri sorkuntzaz solasean. Joan-etorri etengabe horretan, makina bat irakurlerekin egoteko aukera izan dut, oso bereziki irakurle gazterekin. Batik bat horiexek, irakurle gazteek, erakutsi didate zenbaterainokoa den gure premia larria testu irakurterrazak izateko. Euskaraz ari naiz bereziki. Euskaldun askori (zintzo izanda eta zoritxarrez, zuzenduko dut: gehienei) zaila egiten zaie euskaraz irakurtzea, hamaika arrazoirengatik: dela ohitura falta edo alfabetatzeko aukerarik ez izana, dela hiztegi arazoak… Arrazoiak arrazoi, edonola ere, askoz gehiago interesatzen zaizkit konponbideak. Horrexegatik aritu naiz azken urteotan hainbat testu hurbil eta irakurterraz lortzeko saiakeran, baina nahi baino gehiagotan aurkitu dut, ai, horiek ere ez zirela nahiko errazak gehiegirentzat, ezta gune euskaldunetan ere! Duela hiru bat urte izan nuen Blanca Mataren berri. “Irakurketa Erraza” bultzatu nahi zuen. Hura zer zen jakin nahian, Blancarekin elkartu, eta berehala azaldu zidan Irakurketa Erraza duela hogeita hamar urte inguru sortu zela Europako iparraldean. Irakurtzean ulertzeko arazoak zituztenei laguntzeko espreski sortutako sistema. Huraxe nahi nuen nik! Buru-belarri murgildu nintzen, jakina.
2. Zergatik hasi zinen Irakurketa Errazako liburuak idazten?
Euskal irakurle askok irakurtzeko arazoak zituztela ikusita, buelta bat gehiago eman nion gaiari. Irakurketa Erraza zeharo egokia iruditu zitzaidan, gurerako batik bat. Ez bakarrik jatorrizko helburuengatik (bereziki prestatua arazo fisiko edo psikologiko zituztenentzat, etorkinentzat…). Gurean multzo dexentez zabalagoa zela aurkitu dut: aurreko belaunaldietan alfabetatu gabeak direnak, inguruko hizkuntza “handien” konpetentzia, kaleko euskararen eta euskara literarioaren arteko tarte nabarmen handiagoa inguruko hizkuntzetakoa baino… Zenbat euskaldun zaharri ez nien entzungo sarriegitan, penaz haiek eta penaz nik, Berria edo herri aldizkaria irakurtzeko gauza ez zirela!Horregatik sartu nintzen barreneraino Irakurketa Errazaren munduan. Argi eta garbi esanda, iruditzen zait guretzat arnasa bezain lagungarria (eta gozagarria) izan daitekeela: hainbat euskaldunentzat, uste dut bere hizkuntzan irakurtzeko ataria lehenbizikoz zeharkatzea ekar dezakeela. Erraza? Ondo nekien ezetz! Baina tira, beti jo dut itsuan erabat astintzen nauten erronketara.
3. Formakuntzarik jaso behar izan zenuen Irakurketa Errazan idazteko?
Non eta nola jaso zenuen?Blanca Matak berak azaldu zidan funtsezkoa. Eta funtsezkoa, bere funtsean, sinplea zen: oroitu kontatu beharrekoa ahal bezain ulergarri irudikatzen. Edonork onartzeko moduko gida-lerroak ziren: hiztegi aldetik betiere hitzik “hurbilena” hautatu; esaldi korapilotsurik ez; flashback-ak oso tentuz, irakurlea ez nahasteko; metaforak ahal bezain bistakoak; lerro etenak, jasotako informazioa irensgarria egiteko… Azken batean, azaldutakoa: literaturaren ederrenari eutsi, sinpletuz eta aldi berean ulergarriagoa eginez. Arauak gutxi, beraz, eta guztiz logikoak. Irakurlearen lekuan jartzea aski.
4. Errazago egiten zaizu Irakurketa Errazan idaztea edo guztiz kontrakoa?
Ai, erraza da mendira joatea? Gogoaren baitan da dena! Mendirik zailena ere, mendia bihotzean baduzu, gozoa egingo zaizu… aldi berean latza ere izan daitekeen arren. Idaztea, zentzu zabalean, oso antzeko bidaia da. “Erraz” idaztea, beste horrenbeste. “Erraz” idaztean baldintza jakin batzuk dituzu eta, itxuraz, erraztu behar horrek samurtu-edo egin behar luke lana. Eta ez! Istorio “normal” baten korapilo berberak izan ditzakezu erraz idaztean. Tresnak errazagoak izan arren, edo beharbada horrexegatik, batzuetan beste era batera erabili beharko dituzu. Baina bestela pentsatu behar horrek zure tresnak bestela erabiltzen irakatsiko dizu. Alegia, aberastu egiten zaitu, hitzaren zentzurik eder-sakonenean. Istorio bat kontatzeko hamaika modu dago, eta hitz xume apur batzuk aski dira ipuin zoragarri bat josteko. Marrazkilari batek arkatz soil eta txiki batekin irudirik bikainena garatu lezakeen modu bertsuan. Erraz idaztea ez da inolako muga, bidea beste era batera gozatzeko aukera baizik. Irakurleak ere antzemango ditu alde horiek, istorioaren koloreak beste era batean iritsiko zaizkiolako. Horixe helburua: irakurleei bestelako bide batzuk erakustea, beste irakurle batzuengana iristeko (tartean, orain arte irakurle izan ezin diren batzuengana). Hortaz, ez zait iruditzen errazagoa erraz idaztea. Baina bai bestela bezain ederra!
5. Esperientziarik izan duzu zure liburuak irakurtzen duten pertsonekin hitz egiteko eta partekatzeko, adibidez Irakurketa Errazako Klubetan?
Nire lanaren zati zabala herriz herri ibiltzea da, irakurleekin liburuez eta sormenaz aritzeko. Irakurketa Errazaren esparruan ere, badira hainbat klub eta irakurle-talde idazlearekin egoteko interes handia dutenak, eta nik halako batzuei bisita egiteko aukera paregabea izan dut. Garun-paralisia duten irakurleekin izan naiz, Down sindromedunekin, Alzheimerrak jotakoekin, etorkinekin, denetariko “baztertuekin”… Halako talde ugaritan sentitzen eta pairatzen zuten irakurri ahal izatearen zailtasuna. Irakurtzearen plazerik eza, baina baita irakurtzeak bestela ere ematen dituen hamaika aukerak galtzea. Zorionez, gero eta gehiago dira Irakurketa Errazari esker koska horri aurre egiteko gauza diren klub eta irakurleak, eta bertan gabiltzanontzat nabarmena eta pozgarria da hori ikustea. Ustez igo ezin zuten mendi bat orain eskura dute. Gutxi ederragorik.
6. Hala bada, esperientzia aberasgarria izan da?
Esperientzia horiek hitzez azalezinak dira, guztiz zirraragarriak. Irakurleak beldurrik gabe eta naturaltasun osoz irakurtzen eta liburua komentatzen ikustean, gogo biziz, testua ulertu dutelako, irakurketarekin gozatzen dutelako. Bihotz-bihotzez eskertzen dizute, askotan sinetsita zeudelako ez zutela berriz irakurtzeko aukerarik izango, aspertu egingo zirela, edo ez zutela tutik ere ulertuko. Irakurle horiek sekulako autoestimu-bultzada izaten dute. Ezinezkotzat zutena egin dezakete: irakurri, ulertu eta gozatu. Idazlearentzat urrezko uneak dira horiek.
7. Irakurketa Erraza gero eta arrakasta handiagoa izateko, Irakurketa Errazako irizpideetan idazten duten idazleak egon behar dira material berri gehiago sortzeko, gaur egun idazle askok zarete honetan murgilduta zaudetenak? EAEan eta Estatu mailan.
Irakurketa Errazaren mundua duela hogei bat urte zabaldu zen Katalunian (Espainiako estatuan, aldiz, hasi-masietan daude horren aldean). Katalunian lan handia egin dute dagoeneko, babes ofiziala ere lortu dute hainbat gaitan, eta hala ere arazo latzak izan dituzte egileak lortzeko orduan. Idazle katalan gehienek ez dute garbi ikusi (oraingoz) Irakurketa Errazaren kontua. Gutxik idazten dute formatu horretan, eta are esanguratsuagoa dena: oso gutxik ematen dute baimena beraien lanak “erraztu” ditzaten. Formatu horretan ausartu diren idazle gehientsuenak irakaskuntzari edo laguntzaile-taldeei estu loturikoak izan dira. Alegia, irakurle “baztertu” ugariren behar handia lehen eskutik ezagutu dutenak. Gurean, esatekoz, oraintxe abiatu gara. Lau urte baino ez dira Blanca Matak Irakurketa Erraza sortu zuela EAEn. Ni neu hasi nintzela bi urte inguru dira. Horregatik, lehen pausoak egiten ari gara, tarra-tarra, Irakurketa Errazaren bidexka zabaltzen. Eta pozez esan dezakeguna da interes handia piztu duela: jende askok susmatzen du guztiz beharrezkoa dugula halako zerbait euskal munduan. Idazleak ere kontzientziatzen ari gara, eta apurka ari dira bidera hurbiltzen eta indarrak batzen. Euskaraz, nere ondoan Ander Izagirre izan zen abiatzean. Laida Martinez eta Onintze Goitiz etorri dira oraintsu, eta Aitor Arana gehituko da berehala. Euskal mundua edozertan da txikia, baina ari gara bidea egiten.
8. Uste duzu etorkizunean idazle kopurua handituko dela?
Dudarik gabe. Ezkutuan zegoen arazoa eta injustizia azaleratzea da lehen pausoa. Horretan gabiltza: irakurri nahi baina ezin duen jende asko-asko dagoela aldarrikatzen, eta zauri hori senda daitekeela erakusten. Gizatea horretaz jabetu eta arduratu ahala joango dira gehitzen idazleak ere.
9. Euskal Autonomi Erkidegoan euskara hizkuntza ofiziala dugu erdararekin batera, baina askok dira euskaraz hitz egin edo ulertzeko zailtasunak dituztenak. Uste duzu Irakurketa Erraza euskara ikasteko baliabidea dela? Ze onurak izan ditzake euskaldun berrientzat?
Lehenago aipatu bezaka, horrexek eraman ninduen Irakurketa Errazean murgiltzera. Irakurketa Erraza guztiz aproposa da euskara ikasi nahi dutenentzat. Irakurle “normal” ugariri zaila zaie euskal nobelak irakurtzea. Ikasten ari den norbaitentzat jauzia gaindiezina gerta liteke. Irakurketa Errazak oztopoa mailakatu egiten du, eta irakurlea pitinka eta konfiantzaz hurbildu ahal izango da euskara idatziaren txokora. Baina ez da interegarria horientzat bakarrik! Tamalez, eta Mikel Laboa nolabait parafraseatuz, euskarak badu inguru latz bat: irakurleen eskasia ikaragarria. Berriro errepikatuko dut, lehenbailehen itxi beharreko zauri larria iruditzen baitzait: oso-oso irakurle gutxi daude euskaraz. Eskola garaia amaitu orduko, euskaldunek beraiek erdara hautatzen dute nabarmen irakurtzeko orduan. Euskara zailagoa egiten zaie, eta horrexegatik baztergarriagoa-edo. Horra, ba, asmoa: irakurle erdi-uxatu horiek ere erakartzea da, liluratzea, geuretzea, euskal irakurleak (ere, bederen!) izan daitezen.Beraz, bai, euskaldun berri nahiz zaharrentzako ditu onurak, eta handiak, Irakurketa Errazak.
10. Etorkizunari begira, proiektu berriak dituzu Irakurketa Errazako materialak sortzeko edo beste proiektu ezberdinetan murgilduko zara?
Onerako eta onerako, ezin sortu gabe egon. Bestelako proiektu batzuk garatu bitartean, Irakurketa Erraza lantzen jarraitu nahi dut. Oraintxe bertan, adibidez, Ixtebe Pellot azken euskal kortsarioari buruzko nobelatxo bat idazten ari naiz formatu horretan. Eta birritan azpimarratzekoa da zenbateraino egiten zuen bat hendaiarrak Irakurketa Errazaren espirituarekin: itsasontzi txikiekin lortzen zituen garaipenik handienak. Harentzat ere bihotzean baitzen garrantzitsua, ez azalean. A zer nolako elementua Pellot!
(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe istorioak)