Adina: 14tik aurrera. 80 orrialde. Irakurketa Erraza formatuan (Zer da Irakurketa Erraza?).
Gaiak: beldurrak gainditzea, bidaia iniziatikoa, Santiago Bidea, adiskidetasuna.
Audioliburu osoa edo Irakurketa Gida lortzeko (doan), idatzi niri zuzenean (fernandomorillo2@gmail.com).
Gaumin (2014).
Prezioa: 13,50 euro
Sinopsia (Irakurketa Erraza formatuan)
Diotenez, Santiago Bideak magia egin dezake ibiltari bakoitzaren baitan.
Ulises marinel zaharra da.
Bere itsasontzia hondoratu zenean,
bera bakarrik atera zen bizirik,
eta beldurra hartu zion bizitzari.
Kemen, berriz, mutil gaztea eta irribarretsua da.
Itxuraz, ezin zoriontsuagoa,
bizitzaz eta bere neska-lagunaz maitemindua.
Biak elkartuko dira Santiago Bidean,
bakoitzak duen promesa sekretua betetzeko asmoz.
Zenbait bideo
Egileaz
Zer aurkituko du irakurleak Santiago Bidearen misterioa liburuan?
Batzuetan, istorioak ez dituzu imajinatu behar: haiek etortzen dira zuregana, ia oihu basatika. Orain urte gutxi, Santoñan pasieran nintzela, motxila erraldoidun gizon edadetu bat ezagutu nuen. Marinel zaharra zela kontatu zidan, eta Norvegiako itsasoan zebilela bere itsasontzia hondoratu egin zela. Bera izan zen birizik atera zen bakarra, oso gaizki atera ere. Sekula ibiliko ez zela esan zioten medikuek. Baina berak borroka egin, urteetan. Eta ibili. Haren ondoren eta ondorioz, munduan zehar zebilen marinela, bide sakratu guztiak ibiltzen. Nik topatu nuenean Santiago Bidean zen, auskalogarrenez. Ehun mila kilometrotik gora zeramatzan hankatan eta bihotzean. Bai historia ederra!!
Hari horri bigarren bat eransteko orduan ere, errealitatea etorri zitzaidan ate joka. Mutil gazte baten azken Santiago Bideari buruzkoa. Baina hori ez det hemen kontatu nahi, irakurleari ezustea ez zapuzteko eta berak lehenbizikoz aurki dezan liburuan, hala nahi badu. Aurrekoa bezain bizipen zirraragarria dela aitor dezaket soilik. Motibatzailea eta indargarria zeharo.
Benetako bi historia, beraz, nire barruko haur istorio-goseak egokitu dituenak. Pertsonaiak eta garrantzitsuena errealitatetik hartuak diren arren (haiei hortaz dagozkien loreak), neuk asmatua da gainerako hezurdura.
Gizon baten borroka latza aurkituko duzue, bizitza berreskuratzeko ahalegin ausarta, barne-beldurrik madarikatuenak gainditzen saiatzeko. Eta gazte baten bestelako borroka bat… borroka bera dena azken batean. Zure eta bion eta guztion borroka.
Zer da Irakurketa Erraza formatua?
Santiago Bidearen misterioa Irakurketa Errazaren formatuan idatzita dago. Zer da, zehatz-mehatz, Irakurketa Erraza? Hona bi hitzetan: irakurtzeko edota ulertzeko arazoak dituzten pertsonei zuzendutako testuak, ikus-entzunezkoak eta multimedia material egokituak.
Gizartearen hainbat sektoretako hiritarrak dira irakurketa-ulermen arazoak dituztenak: etorkinak, dislexiadunak, alfabetatu gabeak, adindunak… Gabezia horrek baztertu egiten ditu, informazioan eta ezagutzan ardazturiko gizartea baita gurea. Koska horri aurre egitea da IEren asmoa. 1997an IFLAk (Liburutegi Elkarte eta Erakundeen Nazioarteko Federazioak) argitaratutako nazioarteko ildo batzuek zehazten dituzte IEko testuek eta bestelako materialek bete beharreko oinarrizko arauak.
Irakurketa arazo horiek bi talde nagusitan bana daitezke. Batetik, behin betiko irakurketa-arazoak ditugu: gutxitu psikiko edo sentsorialak, arazo neuropsikologikoak dituztenak, adindunak eta pertsona senilak… Bestetik, aldi baterako irakurketa-arazoak daude: etorkinak eta hizkuntza ikasleak, pertsona analfabetoak edota hezkuntzan desabantaila dutenak, alfabetizazio prozesuan daudenak, eskola-curriculumera egokitzeko arazoak dituzten edota eskoleratze arazoak dituzten nerabeak…
IFLAren arauen arabera prestaturiko testuak tresna bereziki baliogarriak dira irakurtzearen plazera lortzen edo berreskuperatzen laguntzeko eta gizartetik baztertuak ez sentiarazteko. Izan ere, informaziorako sarbidea ukatzen diete hainbati gaur egungo egiturek.
Kataluniako Associació Lectura Fàcilek hamar urte daramatza IEko materialak sustatzen. Azken hamar urteotan 100 titulutik gora argitaratu dira katalanez, eta hainbat izan dira gazteleraz ere. Elkarte horren esperientziaren arabera, katalana ikasteko prozesuan diren milaka herritarren irakurketa-zailtasunak direla medio, IEko materialak erabiltzen dituzte usu. Eta berebiziko arrakasta izan dute, hizkuntza bat ikasteko orduan, liburu sakonen eta haur literaturaren artean askok falta zuten harmailatxoa bihurtu direlako lan samurrago horiek.
Fernando Morillori pare bat galdera Irakurketa Errazari buruz:
Euskaraz argitaratuko diren Irakurketa Errazeko lehen liburuetako bat da zeurea. Zergatik?
Hamabost urte pasatxo daramatzat euskal literaturaren munduan, idazten eta, neurri handi batean, herriz herri liburuez solasean. Joan-etorri etengabe horretan, makina bat irakurlerekin egoteko aukera izaten dut, oso bereziki irakurle gazteekin. Batik bat horiexek, irakurle gazteek, erakutsi didate zenbaterainokoa den gure premia larria testu irakurterrazak izateko. Euskaraz ari naiz bereziki.
Euskaldun askori (zintzo izanda eta zoritxarrez, gehienei esan behar genuke) zaila egiten zaie euskaraz irakurtzea, hamaika arrazoirengatik: dela ohitura falta edo alfabetatzeko aukerarik ez izana, dela hiztegi arazoak… Arrazoiak arrazoi, edonola ere, askoz gehiago interesatzen zaizkit konponbideak. Edo, hobeto esanda, konponbide ahaleginak, ezin baitugu ziur jakin zein diren bide egokiak, ahal bezainbeste ibili eta probatu gabe. Horrexegatik aritu naiz azken urteotan hainbat testu hurbil eta irakurterraz lortzeko saiakeran, baina nahi baino gehiagotan aurkitu dut, ai, gehiegirentzat ez zirela inondik ere nahiko errazak, ezta gune euskaldunetan ere!
Horri lotua, oraintsu atera dira azken Mapa Soziolinguistikoaren ondorioak. Zer argituko haiek, eta euskararen ezagutzak gora egin arren, erabilerak bere horretan dirauela, ur geldiaren modura. Ur geldia, ordea, ur ustela bilaka daiteke konturatzerako.
Testu ulergarriago horren bila ari nintzela aurkitu nuen, bada, Irakurketa Errazaren proiektua. Duela hogeita hamar urte Europako iparraldean espreski sortutako sistema, irakurtzean ulertzeko arazoak zituztenei laguntzeko. Bereziki egokia iruditu zitzaidan gurerako. Ez bakarrik jatorrizko helburuengatik (bereziki prestatua arazo fisiko edo psikologiko zituztenentzat, etorkinentzat…). Gurean multzo dexentez zabalagoa zela iruditzen zait: aurreko belaunaldietan alfabetatu gabeak direnak, inguruko hizkuntza “handien” konpetentzia, kaleko euskararen eta euskara literarioaren arteko tarte nabarmen handiagoa inguruko hizkuntzetakoa baino… Zenbat euskaldun zaharri ez nien entzungo sarriegitan, penaz haiek eta penaz nik, Berria edo herri aldizkaria irakurtzeko gauza ez zirela!
Ikusitakoak ikusita, buru-belarri sartu naiz Irakurketa Errazaren munduan. Argi eta garbi esanda, iruditzen zait guretzat arnasa bezain lagungarria (eta gozagarria!) izan daitekeela: hainbat euskaldunentzat, uste dut bere hizkuntzan irakurtzeko ataria lehenbizikoz zeharkatzea ekar dezakeela. Ilusio handia egiten dit.
Erraza da erraz idaztea?
Erraza da mendira joatea? Gogoaren baitan da dena! Mendirik zailena ere, mendia bihotzean baduzu, gozoa egingo zaizu… aldi berean latza eta mingarria ere izan daitekeen arren. Baina bost axola malkar eta neke horiek, mendia bizi nahi (eta behar) izatearen ondoan!
Idaztea horren antzeko bidaia da. Eta erraz idaztea, beste hainbeste. Bizitzan dena bezala, alde batetik errazagoa da eta beste batetik zailagoa.
Adibidez, erraz idaztean baldintza jakin batzuk dituzu: oro har egitura sinpleagoak, ahal dela oinarrizko hiztegia, istorioaren funts-funtsezkoari heldu behar, inguru-minguruetan aritu gabe… Itxuraz, erraztu behar horrek erraztu egin behar luke lana. Ez du zertan, ordea. Istorio “normal” baten korapilo berberak izan ditzakezu erraz idaztean. Tresnak errazagoak izan arren, edo beharbada horrexegatik, batzuetan beste era batera erabili beharko dituzu. Eta bestela pentsatu behar horrek zure tresnak beste era batean erabiltzen irakatsiko dizu. Hau da, aberastu egiten zaitu.
Izan ere, istorio bat kontatzeko hamaika modu dago, eta hitz apur batzuk aski dira istorio zoragarri bat josteko. Marrazkilari batek arkatz soil eta txiki batekin irudirik bikainena garatu lezakeen modu bertsuan. Erraz idaztea ez da inolako muga, bidea beste era batera gozatzeko aukera baizik.
Irakurleak ere antzemango ditu alde horiek, istorioaren koloreak beste era batean iritsiko zaizkiolako. Horixe helburua: irakurleei bestelako bide batzuk erakustea, beste irakurle batzuengana iristeko (tartean, orain arte irakurle izan ezin diren batzuengana).
Hortaz, ez da errazagoa erraz idaztea. Baina bai ederra!
Komunikabideak, prentsa, sareko kontuak…
Gaumin argitaletxeak irakurketa errazeko formatoan euskarazko lehen lau liburuak plazaratu ditu. Antxeta irratia
Irakurketa errazeko lehenengo lau euskerazko liburuak. Bizkaie.biz
Enbarazurik gabeko liburuak. Berria
“Irakurri, erraz”, AIZU AEKren aldizkaria
(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe istorioak)
ibuxa.com -(e)k dio
tricher sur tous vos jeux vidéo mobile favoris grace à ibuxa !
emulateur